Nahixanen bigarren diskoa, kalean
Taupadak. Horixe da Nahixan taldeak kaleratu berri duen bigarren diskoaren izena. Bigarren lanak hamar kantu dakartza, eta lehen diskoan bezala, gaur egungo egoera errealak aipatzen ditu Nahixanek: mendia, itsasoa, euskara, emakumeen aurkako indarkeria...
Taupadak. Horixe da Nahixan taldeak kaleratu berri duen bigarren diskoaren izena.
Bigarren lanak hamar kantu dakartza, eta lehen diskoan bezala, gaur egungo egoera errealak aipatzen ditu Nahixanek: mendia, itsasoa, euskara, emakumeen aurkako indarkeria, eskubideak, maitasuna, tristura, poztasuna. «Inguratzen gaituenak eta horrek sortzen dizkigun sentimenduak dira gure letretan jasotzen duguna. Barru barrutik egindako lana da», azaldu du Axular Arizmendi abeslariak.
Azken lana taldeak ondo markaturik duen linearen barruan sortua izan da. «Lehen diskoak, agian, rock ukitu gehiago zuen, eta oraingoak pop ukitua, baina gure estiloa pop-rock-a da, dudarik gabe».
Bigarren lan honetan ere, kolaborazio bereziak eduki dituzte Nahixanekoek; besteak beste, Jon Martin, Amets Arzallus, Iñaki Apalategi eta Xabier Astigarragak lagundu diete letrak mamitzen.
Hirugarren singlea
Taldea 2008an sortu zen eta taldearen izen bereko diskoa kaleratu zuten. Ordukoa da, Argi lotuak kantaren singlea. Orain, berriz, bi sigle kaleratuak dituzte: Zurekin eta Badako uhartea. Hirugarren singlea eta bideoa bidean dira ere; Besarka nazazu. «Eskertu beharreko jende asko daukagu, baina esker bereziak eman nahi genizkieke daramagun bidean gure taupada bihurtu diren jarraitzaile guztiei».
Nahixan taldearen bideoak eta informazioa: myspace.com/nahixan.