Antxone Telleria indarkeria politikoaren biktima dela aitortu du Jaurlaritzak
Sufrimendu Bidegabeen Biktimen Balorazio Batzordeak indarkeria politikoaren lehen zortzi biktimak aitortu ditu. Eusko Jaurlaritzak 1960. eta 1978. urteen arteko biktimei erreparazioa emoteko onartutako dekretuko baldintzak betetzen dituzten edo ez baloratzen du batzordeak, eta lehen irizpenak jakinarazi zituen herenegun arratsaldean, Bilbon. Antxone Telleria lekeitiarra euren artean dago. Ines Ibañez de Maeztu Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide Gaietako zuzendariak; Manuela Carmena epaile ohiak, gai horietan Jaurlaritzako aholkulariak eta dekretuaren zirriborroaren egileak; Txema Urkijo Biktimen Arretarako Bulegoko aholkulariak; Carlos Martin Beristain giza eskubideen urratzeetan adituak; Alvaro Gil-Robles Europako Giza Eskubideen Batzordeko kide izandakoak; Monika Hernando Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Elkarteen Foroko kideak, eta Valentin Foronda Gizarte Historiaren Institutuko bokal Jose Antonio Perezek osotu dute balorazio batzordea. Danetara, 55 eskaera eduki dituzte, eta horietatik hamaika aztertu ditu batzordeak. Zortzi kasu onartu egin dituzte, eta hiru ez. Batzordearen analisi lana egin eta biktimen eta euren senitartekoen lekukotasunak jaso ondoren, hiru elementu komun egiaztatu dituztela azaldu du Urkijok. «Instituzioen aldetik jasan duten ahanztura» salatu du, eta biktima aitortze prozesua «asko baloratu» dutela. Jakinarazi duenez, batzordeak bai Eusko Jaurlaritzari zein Eusko Legebiltzarrari memoriaren betebeharra kontuan izan dezaten gomendatuko die. Joan den ekainean onartu zuen dekretua jaurlaritzak. «Ondo» dago aitorpena. Hori zioen Telleriak albistea ezagututa. Urte luzeetako bazterketa, [...]
Sufrimendu Bidegabeen Biktimen Balorazio Batzordeak indarkeria politikoaren lehen zortzi biktimak aitortu ditu. Eusko Jaurlaritzak 1960. eta 1978. urteen arteko biktimei erreparazioa emoteko onartutako dekretuko baldintzak betetzen dituzten edo ez baloratzen du batzordeak, eta lehen irizpenak jakinarazi zituen herenegun arratsaldean, Bilbon. Antxone Telleria lekeitiarra euren artean dago.
Ines Ibañez de Maeztu Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide Gaietako zuzendariak; Manuela Carmena epaile ohiak, gai horietan Jaurlaritzako aholkulariak eta dekretuaren zirriborroaren egileak; Txema Urkijo Biktimen Arretarako Bulegoko aholkulariak; Carlos Martin Beristain giza eskubideen urratzeetan adituak; Alvaro Gil-Robles Europako Giza Eskubideen Batzordeko kide izandakoak; Monika Hernando Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Elkarteen Foroko kideak, eta Valentin Foronda Gizarte Historiaren Institutuko bokal Jose Antonio Perezek osotu dute balorazio batzordea. Danetara, 55 eskaera eduki dituzte, eta horietatik hamaika aztertu ditu batzordeak. Zortzi kasu onartu egin dituzte, eta hiru ez.
Batzordearen analisi lana egin eta biktimen eta euren senitartekoen lekukotasunak jaso ondoren, hiru elementu komun egiaztatu dituztela azaldu du Urkijok. «Instituzioen aldetik jasan duten ahanztura» salatu du, eta biktima aitortze prozesua «asko baloratu» dutela. Jakinarazi duenez, batzordeak bai Eusko Jaurlaritzari zein Eusko Legebiltzarrari memoriaren betebeharra kontuan izan dezaten gomendatuko die.
Joan den ekainean onartu zuen dekretua jaurlaritzak. «Ondo» dago aitorpena. Hori zioen Telleriak albistea ezagututa. Urte luzeetako bazterketa, diskriminazio eta isiltasunaren ostean, gertatutakoa onartu eta aitorpena jendaurrean egitea pauso garrantzitsua dela uste du, oraindik egiteko asko dagoela nabarmenduz.
Onartutako biktimak:
- Antxone Telleria Mendia. Larriki zauritu zuen Guardia Zibilak Lekeitioko Santa Maria eliza hustu zutenean, 1977an.
- Angel Otaegi Etxeberria. 1975eko irailaren 27an fusilatu zuten Burgosen, bidezko epaiketa izateko eskubidea urratuz.
- Jon Paredes Manot ‘Txiki’. 1975eko irailaren 27an fusilatu zuten Bartzelonan, ez zuen bidezko epaiketarik izan.
- Antonio Fernandez Elorriaga. Polizia Armatuak hil zuen tiro batez, etxeko balkoian manifestazio bat ikusten ari zela.
- Francisco Javier Nuñez Fernandez. Talde polizial edo parapolizialek pozoitu egin zuten 1977an.
- Segundo Urteaga Perez de Unzueta. Guardia Zibilak tiroz hil zuen Urabainen (Araba).
- Francisco Javier Batarrita Elexpuru. Guardia Zibilak autoa tirokatu zion Boluetan (Bilbo), 1961ean.
- Alberto Soliño Mazachs. Kaleko jantzita zihoan Guardia Zibil batek tiroz hil zuen Eibarren (Gipuzkoa) .
Zuzenean Antxone Telleriagaz berbetan (biharko HITZAn argitaratuko den errepotajea):
«… bide baten lehenengo pausoa izan behar du»
Baikorra izan nahi du Antxone Telleriak (Lekeitio, 1956). Gauza txarrak, minak, sufrimendua, ahazteko joera du; garrantzia handiegirik emon gabe gordetzekoa. Baina ahaztuegi sentitu da 35 urteotan. Baztertua. Ez aitortua. «Abusatua».
1977an guardia zibilek burezurra eta aurpegia hautsi zizkiotenetik berekin daramatza minak; fisikoak eta ikusi ezin direnak. Jasan zuen jipoiaren ondorenek bere horretan jarraitzen dute. Ondorio fisikoei medikuntzaren eta pazientziaren laguntzaz aurre egiten saiatzen da.
21 urte bete zituen egunean etorri zitzaion Telleriari bizitza aldatu zion gertaera, 1977ko otsailaren 26an. Mugimendu handiko garaia zen, eta Amnistiaren Aldeko Astea zen Euskal Herrian. Eliza askotan itxialdiak egin zituzten. Lekeitiokoan egon zen bera. Lasai zegoen protesta, goizaldean parrokoa «abade gazte batekin» joan zitzaien arte. Guardia Zibila kanpoan zela eta elizan edozein momentutan sartuko zirela esan zien. «Ez zuten denbora askorik behar izan», dio. Protestariak lo zakuak eta beste gordetzera joan, eta, konturatu orduko, eliza barruan zegoen Guardia Zibila.
Oso lausotuta dauka oroimena, eta erasoa nola gertatu zen ez duela gogoratzen dio. Gehiago daki kontatu diotenetik oroitzen duenetik baino. «Termo bat daukat gogoan; termoa gordetzera joan nintzela. Aita mariñela zen, eta aitak ekarritakoa zen termoa; horixe gogoratzen dut. Baina ez dut oroitzen zer gertatu zen».
«Lekeitioko elizak badu atzean ate bat sakristira doana, eta badirudi Guardia Zibila handik sartu zela». Itxialdian zeudenei ate nagusitik ateratzeko agindu zieten, eta hala egin zuten. «Atean korridorea eginda zeukaten, eta jendea jipoitzen hasi ziren». Kanpoan guardia zibil gehiago zeudela, «jendea korrika batean» zegoela eta inguruko tabernek herritarrei babes emoteko ateak zabaldu zituztela oroitzen du.
Senideek, bat batean begibistatik galdu zutela kontatu diote. Ez zutela aurkitzen. «Badirudi abadeak eta Lekeitioko andre batek eliza barrura sartu nindutela. Anbulantzia deitu zuten. Lekeitioko anbulategira eroan ninduten lehenengo, eta handik Gurutzetara». Gurutzetako ospitalean «arin arin egindako justura» egin ei zioten; «itxura denez, ez nengoen operazio bat jasateko egoeran».
Zaintza Berezietako Unitatera eroan zuten. Han luzaro egon ondoren, kirurgia alorrera igaro zuten. Plastikara handik. «Nik lehen gomuta plastikan nengoenekoa dut». Ez daki zenbat denbora igaro zuen konorterik gabe ordura arte.
Minik handiena
35 urte hauetan uko egin dio denborak, ospitaleratzeak eta ebakuntzak zenbatzeari; zauri larriek bizitza zenbateraino baldintzatu dioten gogoan izateari. Izan be, kontzientziarik gabe pasatako lehen hilabete horiek baino gogorragoak egin zaizkio hurrengo urteetan ospitalean egin beharreko egonaldiak, joan-etorriak, ebakuntzak. «Urte luzetan» ibili da astero-astero ospitalera joaten.
Ia heriotzera eroan zuten kolpeak «nondik etorri ziren» ez daki. Baina burezurra hautsi zioten; aurpegi masaileko hezurra be bai. Ezkerraldekoa. Argazkiak ateratzerako, badaki zein den bere «alde ona». Eskuma erakusten saiatzen da. Dozenaka operazioek ez dute lortu «erorita» duen begizuloa bere lekura erabat eroatea. Diplopia gaitza ere utzi dio: «Ezkerretara edo gora fijo begiratzen badut doble ikusten dut».
Begia ezin itxita urteak egin ditu, eta horrek infekzio ugari eragin dizkio. Oraindik be, kosta egiten zaio erabat ixtea. Kaltea konpontzeko ahaleginetan, aldakatik hezur zatiak kendu dizkiote, matrail hezurrean itsasteko. «Zati handiak». Mokorretik kendutako zatiak utzitako hutsunean tumorea sortu zitzaion. Sasoi «oso-oso txarrak» edukitzen ditu oraindik, lantzean behin: ziztada handiak aurpegian eta mugitu ezina hanka «arrastaka» eroan behar izateraino.
Duela 35 urte jasotako jipoiak utzi dizkio gaitz horiek guztiak. Gertatutakoari ez dio buelta gehiagorik emon nahi, baina instituzioek urte guzti horietan izandako jarrerak minduta du. «Biktima berba» ez zaio «gustatzen». Ez da guztiz identifikatzen izendapenagaz: «Nik bakarrik nahi nuen errekonozitzea txarto dagoena, egin zutena». Horregatik sentitu da «abusatua»; «ez bertan, momentuan bakarrik. Abusatua 35 urteotan, inork ez duelako onartu gertatutakoa. Herriko jendeak-eta bai, baina ofizialki, instituzioetatik, inork ez du onartu».
Zentzu horretan, urtetan egin diren bereizketak gaitzetsi ditu. «Gu ez ginen bigarren mailakoak be; gu ez ginen ezer». Eta, azkan urteetako aitortza ezak mindu du bereziki: luzaro abertzalea izan den jaurlaritza «sekula inguratu ez» izanak, «inolako pausorik» emon ez izanak.