Gabon Saria txapelketako finalak jokatuko dira gaur Markina-Xemeinen
Gabon Saria zesta-punta txapelketako azken kinielak jokatuko dira gaur arratsaldean Uni frontoian. 16:30ean hasita, lehiaketan puntu gehien atera dituzten lau mailetako pilotariak aterako dira kantxara, aurtengo saria borrokatzera. Umeen mailan lau bikotek jokatuko dute finala: Goitia III eta Danelek, Olabarria eta Diaga IIak, Lekube eta Gorkak, eta Adrian eta Arrieta IIak. Gazte mailan barriz, Goixerri eta Arrieta, Gotzon eta Peio eta Ibarluzea II eta Fernandezen artean egongo dira aurtengo garaileak. Bigarren mailari dagokionez, Alex eta Diaga, Retolaza eta Elkoro IIa eta Antsotegi eta Gandiagaren artean burutuko da norgehiagoka. Azkenik, lehen mailako hiru bikote aterako dira kantxara: Aymar eta Felix, Barandika eta Santi, eta Arbe eta Lekerika. Maila bakoitzak 25 tantuko kiniela bakarra jokatuko du, eta horrek emaitzak erakutsiko du zeintzuk diren aurtengo Gabon Saria txapelketako aurrelari eta atzelari onenak.