Aulestiko Udalak egindako proposamenetik abiatu zen Lea Ibarreko Mankomunazgoa Berdintasun Plana egiten. “Iaz jarri genuen abian gaur hemen aurkezten dugun Berdintasunerako Planaren lehenengo diseinua”, argitu du Iker Belaustegi Lea Ibarra Mankomunazgoko lehendakariak. Orain,
behin Plana eginda dagoela,
Mankomunazgoak ibarreko herri guztietan aurkeztuko du eta herriko batzordeak sortuko dituzte.
Berdintasun Planagaz, Lea Ibarra osatzen duten bost herrietako ordezkariek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren bidean urrats garrantzitsu bat eman dutela deritzote. “Aukera berdintasunean jendarteak oro har urratsak eman dituen arren, luzea da oraindik egin beharreko bidea”. Izan be,
Mankomunazgoaren iritziz, oraindik orain, inguruan dauden desberdintasun egoerak hortxe diraute. “Lanarekin eralazionatutakoak, menpekoen zaintzarekin, botere eta aginte esparruekin… Tamalez, desberdintasun horien adierazpenik gordinena, indarkeria matxista hain zuzen, hortxe dago gaur egun be”.
Horren harira,
errealitatea ezagutzeko, Mankomunazgoak Plana egin aurretik diagnostikoa egin du. “Datu errealen gainean eraiki nahi izan dugu Berdintasun Plana”, gaineratu du Belaustegik. “Ahalik eta zehatzena izatea nahi izan dugu”.
Behin
Plana aurkeztu eta gero, orain, Mankomunazgoak herriz herri aurkeztuko du egindako txostena. “Behin herrietako aurkezpenak egin eta gero, batzorde ezberdinak sortuko ditugu.
Herri bakoitzean batzorde bat egongo da eta horiek sortu eta gero, guztiak koordinatuko ditugu“, azaldu du Aitziber Mendizabal Aulestiko Udaleko ongizate zinegotziak.
Herrikako batzorde horiek urtean zehar berdintasunaren alorrean egin daitezkeen ekintzak zehaztuko dituzte. “Gero, urtean behin, ebaluazioa egingo da. Ebaluazio horretan finkatutako helburuak bete diren edo ez edo aurrera begira zeintzuk erronka dauden ikusiko dira”.
Plana bera
2013 eta 2016 bitartean garatzekoa dela aurreratu du Belaustegik. “Epe luzera begira egingo da. Gutxinaka-gutxinaka, egoera ekonomikoa hobetzen doan heinean, gauza gehiago egin ahalko ditugu”. Mendizabalek be bat egin du Belaustegigaz: “Ez da kajoi baten gordeko den plana, aurrera joango da”.
Berdintasun Planak suposatuko duen kostuari dagokionez, Belaustegik eta Mendizabalek aho batez esan dute alde
ekonomikotik ez duela asko suposatzen. “Ekintzak egin egiten dira, orain, Plan honegaz, bateratu eta alor baten baitan sartuko dira. Eta ahal den neurrian ekintzak gehiago egiten joango gara. Baina hasiera baten, borondatea eskatzen duen ekimen bat da”. Mendizabalek kontzientziazioa dela gakoa azpimarratu du. “Berdintasunaren betaurrekoak jantzi eta gauza gutxigaz asko egin daitekeela konturatu behar gara”.
Azkenik, Mankomunazgoak, Plana aurrera ataratzeko hartutako konpromisoa hizki larriz azpimarratu nahi izan du.
- Hezkidetza tailerrak egingo dira Aulestin, ume zein gurasoentzat.