Azken bost partiduak galdu barik amaitu dute ligako lehen buelta Artibai Futbol Taldeko nagusiek. Lekua hartzen eta taldea sendotzen joan dira apurka-apurka, eta bigarren bueltan bide horretatik jarraitu eta beheko postuetatik irtetzea dute helburu.
16 puntugaz amaitu du lehenengo buelta lurraldeko lehen mailan jokatzen duen taldeak, hamaseigarren postuan. Jende gazte eta barriak osotzen du taldea, eta ligaren hasiera gogorra egin zaie. Halanda be, azkan bost partiduetatik hiru bardindu eta bi irabazi dituzte, eta egiten dabiltzan lanaren emaitzak agertzen dabiltzala uste du taldearen entranatzaile Iñaki Iturrik. «Defentsan eta zelai erdian lan handia egin dugu, eta orokorrean talde guztia behar ona egiten ari da», azaldu du.
Dinamika txarretik irtetzea gaitza izaten da. Halanda be, eusten jakin dutela dio Iturrik, eta gogor egon direla. Bigarren buelta Etxebarriren kontra hasiko du Artibaik, datorren zapatuan, 16:30ean, Barroetan. Gero Sopelanara joango dira bisitan, eta ondoren Errigoitiren bisita hartuko du. «Jarraipen on bat edukitzea dugu helburu. Fisikoki ondo gabiltza, Iñigo Vicensen laguntzagaz».
Berriatuko, goian
Maila berean, berriatuarrak lasaiago dabiltza. Seigarren postuan hasiko du bigarren buelta Berriatukok, 26 puntugaz, eta aurrean jarraitzea edukiko du helburu. Atzean hasi ziren, baina segituan egoerari buelta emoten jakin zioten, eta lortutako emaitza onek gorengo postuetara eroan ditu. Halan eta guztiz be, etxean baino emaitza hobeak lortzen dabil taldea kanpoan, eta horrenbestez, etxeko jokoa indartu beharko dute. Etxean hiru partidu irabazi ditu Berriatukok, bat bardindu eta hiru galdu. Kanpoan bost partidu irabazi, bat bardindu eta bi galdu ditu.