Durangaldeko esku pelota txapelketak bost garaipen utzi ditu Lea-Artibain asteburuan.
Markina-Xemeingo taldeak hiru final jokatu zituen, eta hirurak irabazi ditu. Nagusien mailan, Arrietak eta Zenarruzabeitiak osatutako bikoteak eskuratu du txapelketa. Aurrean Lekeitioko Gabiola eta Kurutze eduki zituzten. Gorabeheratsua izan zen partidua. Arrietak belaunean min hartu zuen, eta aurrelari postua utzita, atzelari lanetan hasi zen. Arrieta ondo ibili zen atzean, eta partidua dominatu zuen. 12-7 galtzen joan ziren, baina aldaketagaz 22ra ailegatu ziren markinarrak.
Gazteen finalak Balsera-Mendibe markinarrak eta Lea Ibarra Motrolloko Muniozguren eta Salutregi eduki zituen aurrez aurre. Markinarrek irabazi zuten txapela, erraz irabazi be. Eurak ziren faboritoak, eta betiko maila emon zuten final handian be. Ahaleginak ahalegin, Lekeitioko bikoteak ezer gutxi egin ahal izan zuen. Azkan markagailua: 22-5. Hirugarren eta azkan finalean be daukaten maila erakutsi zuten markinarrek.
Zazpi finaletan eduki zuten ordezkaritza Lea Ibarra Motrollok, izugarri emaitza ona elkarteak daukan lau urteko ibilbidea kontuan hartuta. Partidu xamurra jokatuta, Undabarrena-Enbeitiak nahikoa erraz gainditu zuten Durangoko bikotea benjaminen finalean: 18-3. Ezelako arazo barik eskuratu zuten txapela. Alebinen (A taldea) finalean lortu zen bigarren finala. Bastetrretxea eta Beitiak 18-15 irabazi zioten Zaldibarko bikoteari. Partisuaren pisua beregain hartuta, oso ondo jokatu zuen Beitiak. Merezitako garaipena eskuratu zuen Lea Ibarrako bikoteak.