Bigarren eguneko kronika: 'Marea laranja zabaltzen doa'
Ehunka. Horixe izan da gaur Ondarroako Aske Gunean ahoz aho egon den hitza. Ehunka izan dira ekimenarekin bat egin dutenak. Ehunka aldarri entzun dira. Eta ehunka lagunek parte hartu dute manifestazio isilean. Erne eta adi, Ertzantza noiz agertuko zain, herritarrek Aske Guneari eusten jarraitzen diote. Ondarroako Aske Guneak bigarren eguna bete du gaur.
Gaua “lasai eta patxadaz” igaro zutela esan dute goizean komunikazio guneko arduradunek. Baina eguna egiteaz batera, Aske Guneak herenegun eduki zuen bizitasun bera berreskuratu du gaur ere. Hitzaldiekin eta antolakuntzarako deialdiekin esnatu dira gaua bertan pasatu zuten 80 herritarrak.
Goizeko lasaitasuna, aldiz, une batetik bestera desagertu da. 12:30ean, zehatz esateko, lehenengo alarma piztu da: Ondarroako ertzain etxean mugimendua nabari da. Albisteak Aske Guneko planteamendua aldaraziko zuela bazirudien ere, herritarrek hotzean pentsatu eta hurrengo minutuetan zer gertatuko zen jakin gabe, edozer pasatzen zela ere, modu baketsuan eta hasiera-hasieratik planteatutako filosofiari eusteko mezua jaso dute bozgorailuetatik.
Esan eta egin. Lasai, astoratu gabe, Urtza Alkortaren inguruan batu dira herritarrak. Alkorta, atxilotu aurreko azken minutuak bizitzen ari zela pentsatuz, lagunen eta senideen azken mezuak jaso eta indarrez kokatu da herri harresiaren erdian.
Ertzantza han eta hemen ageri zen. Airetik zein lurretik, dena kontrolpean zutela zirudien. Egoera horren aurrean, herritarrak, Alkortak zuen tinkotasun berarekin, bozgorailuetatik azken azalpenak eta oharrak entzun dituzte. “Planteamendua zein den badakigu: Ertzantza agertzen denean, denok hondartzako zubira joango gara, Alkorta erdian ipiniko da eta zubi harresia eraikiko dugu”.
Manifestazioa, “isila eta baketsua”
13:00etan, iragarrita zegoen orduan, manifestazio isila hasi da, Gernikako akordioa sinatu zuten herri eragileek deituta. Ertzantza une batetik bestera agertuko zela bazirudien ere, eguneko egitarauak bere horretan jarraitzen duela aurreratu du antolakuntzak.
“Isila, jendetsua eta denaren gainetik, baketsua”. Horrelaxe definitu dute manifestazioan parte hartu duten herritarrek ekimena. Alamedatik abiatuta, Konponbiderako garaia da, atxiloketa gehiagorik ez lemapean, ehunka herritarrek ia Alde Zaharrerainoko bidea egin dute.
Ostean, Urtza Alkortak hartu du hitza. “Gau bat pasatu dugu, eta Aske Guneak aurrera jarraitzen du. Gaur kartzelaratzen banaute ere, argazki hau buruan dudala joango naiz barrura, herri babesaren argazkiarekin, alegia”.
Argazkia ateratzeko zubi harresia egin ostean, eguneko egitarauak aurrera jarraitu du.
Segundoka, minutuka eta orduka, Ondarroako Aske Guneak bizirik egoten jarraitzen du. Egun batetik bestera, Ondarroak gero eta kolore laranjagoa edukitzen jarraitzen du.