Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimen barri bat bat sortu dute eremu askotako herritarrek:
Gure esku dago. Ekainaren 8an aurkeztu zuten dinamika hori Irunen, eta orain, herriz herri eta sektorez sektore, Euskal Herriko gainontzeko lekuetara zabaldu gura dute; horretarako, Lea-Artibain be izango dira.
Hain zuzen, Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan aurkeztuko dute datozen egunotan, aipatu ekimena. Egun, euskal gizartean, «erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika zabal, bateratzaile, transbertsal eta plurala bultzatzeko baldintza ezin hobeak» daudela iritzita, abiarazi dute Gure esku dago. Bere baitan, hiru oinarri ditu: Euskal Herria nazio bat dela, geroa erabakitzeko eskubidea duela eta euskal herritarrek erabaki behar dutela.
Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu eta gauzatzeko bideak bilatzea «herritar guztien esku» dagoela diote sustatzaileek, eta orain dela horretarako garaia. Hala, Euskal Herriko «biztanle guztiei» egin diete etorkizunaz erabakitzeko «aukera, beharra eta legitimitatea» gizarteratzeko eta bultzatzeko deia.
AURKEZPENAK
Ondarroa. Bihar, 19:00etatik 20:00etara, Kafe Antzokian.
Lekeitio. Ekainaren 21ean, 19:30etik 20:30era, Azkue aretoan.
Markina-Xemein. Ekainaren 26an, 19:00etatik 20:00etara, Uhagon Kulturgunean.