Ekitaldia 19:30ean hasiko da.
#resistOndarru izenburupean, ekitaldian Ondarroako Aske Gunean (maiatzaren 10etik 15era) jasotako irudiak proiektatuko dira, besteak beste. Emanaldia doan izango da eta herritarrei bertara gerturatzeko deia egin diete antolatzaileek.
Lau zatitan banatuta egingo da ekitaldia. Aske Gunean bizitakoa erakustea zaila izango dela esan dute antolatzaileek. «Zaila izango da bost egunetan bizitakoa gogora ekartzea edota barriro sentitzea, baina saiakera egingo dugu.
Ekitaldiagaz, batez be, eskerrak eman nahi ditugu. Jasotako herri babesa behar bezala eskertu nahi dugu», azaldu dute antolatzaileek.
Ekitaldia lau zatitan egongo da banatuta, eta proiekzioetaz gain, musika eta dantzak be ekitaldia arintzen lagunduko dute. «Nolabait esateko, Aske Gunea irudikatzen saiatuko gara ekitaldian; Aske Gunean egongo baginen bezala izango da. Eta bide beretik, herri bezala noraino ailegatzeko gai garen islatzen saiatuko gara».
Aske Gunea, hasieratik amaierara
Aske Gunearen sorrera, egunetako bilakaera, jasotako herri babesa eta Urtza Alkortaren atxiloketa momentua. Lau proiekzioekin, bost egunen laburpen xumea egingo dute.
Horrela ba, Aske Gunea gertutik bizi ezin izan zutenei, bateko edo besteko arrazoiak tarteko, maiatzaren 10etik 15era bitartean bizitakoa eta jasotako irudiak ikusteko aukera ez galtzeko deia egin diete antolatzaileek. «Asko adinez nagusiak izango ziren, eta horiek ezingo zioten Aske Guneari jarraipen zehatza egin, bada, horientzako aukera paregabea da barikuko ekitaldia»
Etenaldiekin, bestelako ikuskizunak tartekatu dira proiekzio batetik bestera.
Ekitaldiak ordubete inguru iraungo du. Eta irakurketa orokor batekin amaituko da.