Etxebarriko
TMA eta
Laserlan enpresen
suspentsio espedientea onartu du Bilboko epaitegiak, eta bi lantegien egoera zein den aztertzeko, administratzaile judiziala izendatuko du. LABeko ordezkari Jon Iñaki Alkortak azaldu legez, “langileek eta sindikatuak eskatu genion bi enpresen jabeari suspentsio espedientea eska zezala, langileek gutxienez langabezia jasotzeko eskubidea izan zezaten”. Izan ere,
bederatzi hilabete zeramatzan bi enpresetako 50 langileek soldatarik gabe, eta irailean hasi dira langabezia jasotzen. Behin epaileak bi enpresetarako administratzaile konkurtsala izendatu ostean, hark aztertuko du lantegi bakoitzaren egoera zein den eta zein irtenbide duen. “TMA itxi egingo dutela uste dugu, baina Laserlan enpresan zenbait lanpostu mantentzeko aukera izan daitekeela uste dugu. Guk ahalik eta lanpostu gehien mantentzeko borrokatuko dugu”, azaldu du Alkortak. Bi enpresak itxiz gero, Etxebarrin bertan 50 lanpostu galduko liratekeela zehaztu du LABeko ordezkariak.
Bien bitartean, dagozkienaren alde borrokan jarraituko dutela esan dute langileek, eta bi enpresen jabearen etxearen aurrean eta familiak duen negozio baten aurrean
protesta egin zuten atzo, Mañarian eta Durangon. “Maiatzean, greban zirenean, pieza batzuk aterako zituztela negoziatu zuten langileek jabearekin. Horren truke, abuztuan nomina bat jasoko zutela agindu zien jabeak, baina ez du bere hitza bete”, azaldu du Alkortak. Hainbeste tira-biraren ostean, beraz, jabearekin zuten harremanak etetzea erabaki dute bai sindikatuak eta baita langileek ere. “Bitartekari lanak egiteko abokatu bat izendatu du, eta hark esan digu agindutako soldata hori ez dutela ordainduko”. Protestekin jarraitzeko aukera aztertuko dute gaur, langileek egingo duten asanblean.