IXI enpresakoak Kontrako Eztarria programako Jon Plazaolagaz gaur goizean Enpresa Berrien II. Azokan
Ekintzaile Eguna ospatzeko Enpresa Berrien II. Azoka egin da Markina-Xemeingo frontoi txikian gaur [ekainak 12] goizean. Azaro Fundazioak eta Leartibai Garapen Agentziak antolatutako ekimenak, arlo askotako hamairu ekintzaile bildu ditu, ingurumen, aisialdi, elikadura, artelan, komunikazio zein dekoraziokoak besteak beste. Batzuk sortu berriak eta beste batzuk merkatura produktu berriak atera berri dituztenak. Guztiak euren lana ezagutzera emateko prest.
Enpresa berrienen artean egon dira besteak beste energia fosilen kontsumoa gutxitzeko bideak eskaintzen dituen Eze Barrizar energia zerbitzuen koooperatiba eta Sustraiak Natur Ekintza turismo aktiboko enpresa. “Maiatzean hasi naiz martxan eta ilusio eta gogo handiagaz nago; hasteko, ekainaren amaierarako puenting-a antolatu dut Ondarroako Atxazpin”, azaldu du Sustraiak enpresako Julen Hernandok. Abenturako kirol guztiak eskainiko ditu: mendi ibilbide gidatuak, eskalada, tirolinak, orientazio ikastaroak, Surf-a, ete stand up paddle beste askoren artean. “Ezkondu aurreko agurrentzako, enpresa ekintzetarako zein familientzako eskaintzak ditugu”, zehaztu du Hernandok.
Aste honetan hasi dira saltzen, bestalde, IXI enpresakoak merkatura atera duten produktu berria: egurrezko eguzkitako betaurrekoak. Norbere gustura osatu daitezke betaurrekoak. “Lau modelo ditugu aukeran eta kristal kolore desberdinak zein beso desberdinak aukeratu daitezke, modelo esklusiboa sortuz”, azaldu dute. Hori dute helburua, esklusibitatea eta naturagaz kontaktua eskaintzea. “Natura egunerokotasunera eraman dugu”, diote. Betaurrekoen zorroak ere bereziak dira, Txiletik ekarritako Peru eta Ekuadorreko oihalekin egindakoak.
Orain dela hilabete zabaldu zituen ateak baita Andrakilleti-k. Ingelesezko ludoteka eskaintzen dute Ondarroan daukaten lokalean eta zerbitzua denda bategaz osatu dute. “Material guztia ingelesez dago eta bertako irakasle bat etorriko da zapatuetan”, azaldu dute.
Rosa Etxabe etxebarritarrak artisau enpresa sortu zuen martxoan. Beti izan da bere ametsa baina orain animatu da pausua ematera. Tailer txiki bat dauka eta artelanak egiteagaz gainera, ikastaroak ematea du helburu. Momentuz zeramika eta grabatua lantzen ditu Etxabek bere lantegian.
Hilart hileta kutxa bereziak egiten dituen enpresak, Gorringo arraultsa ekologikoen enpresak eta Gandixa gaztagintza enpresak, Markola margo enpresak, Lauele hizkuntza zerbitzuen enpresak, eta komunikazio eta diseinu enpresa bik Koxka MX eta SK8-k osatu dute azoka.
11:00etan zabaldu dituzte ateak eta ikusminez hurreratu den jendeari azalpenak eman dizkiete enpresa berrietako arduradunek. Ondoren, bertan azokan, Kontrako Eztarria programako Saioa Lopez eta Jon Plazaolak hartu dute hitza. Ekintzaile guztiak zoriontzeagaz gainera, gauzen alde ona ikusi eta ilusioagaz jarraitzeko gomendatu diete euren esperientzia eta egitasmoak kontatuz. “Bakoitzak bere buruan sinesten badu eta gauza bat egiteko gai dela pentsatzen badu, asko dauka eginda”, azpimarratu du Jon Plazaolak.