Zapatuan Bilbon egingo den
Kutxabank pribatizaziorik ez! manifestazioarekin bat eginez, ekimenak egingo dira bihar Ondarroan eta Lekeition.
Lekeition, esatera baterako,
elkarretaratzea egingo da 13:00etan Eskolapean.
Ondarroan ostera, zapaturako
manifestaziora deitzeko ekimena egingo da
17:30ean, Alamedan. Horrez gain, Ondarroako ekimenaren ostean, deialdiari buruzko informazioa ematen duen eskuorriak ere banatuko dira.
Zapatuan Bilbon egingo den manifestazioan Euskal Herrian sistema finantzario publiko bat behar dela aldarrikatuko da
Zapatuan Bilboko Jesusen Bihotzetik 17:30ean irtengo du
Kutxabank pribatizaziorik ez! manifestazioak. Bertan, Euskal Herrian sistema finantzario publiko bat behar dela aldarrikatuko da Bilboko kaleetan zehar. «Euskal kutxak, Kutxabank likidatzen ari dira zerbitzu publikoari eta gizarte ekintzari dagokionez. Helburu bakarra, Hego Euskal Herrian urte luzeetan ereindako aurrezki eta aktiboak, espekulatzaileen esku jartzea da», esan dute manifestatzera deitu duten taldeek.
Era berean, hiru kutxen bankarizazioak eta pribatizazioak,
euskal erakunde finantziario publiko bat sortzeko aukera suntsitzen ari dela diote. Gauzak horrela, kutxak euren kabuz hartzen ari diren erabakiek aurrezkia eta kreditua «Euskal Herriko gizarte osoaren onurarako erabiltzea» eragozten dutela azpimarratu nahi dute. «Euskal Kutxen aginte-organuetan erabakiak hartzeko gaitasuna izan dutenak dira estrategia hau hautatu dutenak, eta ezin zaie norbere ardurei ihes egin finantza-sistemaren erreforma edota akordioak bete ez izan bezalako kontuak aipatuz».
Kutxabank ez pribatizatzeko eskatu diete euskal erakunde publikoei zein alderdi politikoei
Beste herrialde batzuetan, «erreforma berdinekin», kutxek iraun egin dutela eta «kontrol publikoa eta soziala» mantentzeko irtenbideak aurkitu dituztela diote manifestaziora deitu dutenek. «Hori bera posible litzateke hemen ere, orain arte izandako prozesuan atzera egingo balitz, eta neurri politikoak eta legegileak hartuko balira kontrol hori handitzeko eta euskal eremua defendatzeko». Kutxabank ez pribatizatzeko euskal erakunde publikoei, alderdi politikoei, gobernuei, legebiltzarrei, foru aldundiei eta udalei «behar besteko» erabaki politiko eta legegileak hartzeko eskatuko da zapatuan Bilbon. «Euskal Kutxek akziodun eta espekulatzaile batzuen poltsikoetan buka ez dezaten», mobilizazio dinamika bat bultzatzen jarraituko du zapatuko manifestaziora deitu duen herritar taldeak.