Kontseiluaren Euskal Tonbolako autoa lekeitiar batek irabazi du
Zorioneko denik bada Lekeition. Eta arrazoirik ez zaio falta. Izan ere, Jasone Urkijo herritarrak Kontseiluak antolatzen duen Euskal Tonbola egitasmoko sari berezia eroan du: auto bat.
Urkijok joan den asteko barikuan hartu zuen Dacia Sandero markako auto berriaren giltzak. Kontseiluko kide baten eskutik jaso zuen giltza Urkijok, tonbolako txartela erosi zuen lekuan, Lekeitioko Isuntza tabernaren aurrean.
Euskal Tonbola euskararen normalizazioaren alde egiteko Kontseiluak antolatzen duen egitasmoa da. Urkijo lekeitiarrak jasotako autoa Kontseiluak aurten banatu duen bigarrena da. «Lehenengo autoa Zestoako Koiote tabernan erositako txartelean atera zen», adierazi dute Kontseiluko ordezkariek.
Bide beretik, sariduna zoriondu eta Euskal Tonbolan parte hartzen duten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete Kontseilukoek. «Zorionak Jasoneri eta eskerrik beroenak Euskal Tonbolan parte hartuz euskarari ekarpen hau egiten diozuen guztiei!», gaineratu dute.