PSE-k Elgoibarren duen egoitzaren aurka egindako atentatu batean parte hartu zuela frogarik aurkitu ezean, Espainiako Audientzia Nazionalak Aitzol Etxaburu ondarrutarra absolbitu egin du. Ramon Saez Valcarcel, Manuela Fernandez Prado eta Fermin Etxarri magistratuek Etxabururen aurkako beste frogarik ez dagoela onartu dute. Fiskalak hiru urteko kartzela zigorra eskatzen zuen Etxabururentzat.
Ibon Iparragirreren testigantza zen Espainiako Auzitegi Nazionalak Etxabururen aurka zuen ustezko froga bakarra. Iparragirrek torturapean egindako testigantzak zirela azpimarratu zuen atzoko epaiketan. Era berean, atzo, Etxaburuk Elgoibarko ekimen terroristan parte hartu izana ukatu egin zuen, eta Iparragirre ikastolatik ezagutzen zuela esan zuen. Atentatuan parte hartu izana onartu baldin bazuen, “ertzainen aldetik jaso zituen presio eta torturengatik izan zela” esan zien atzo epaileei.
Etxabururen senitartekoak “oso pozik” agertu dira azken orduko berriekin. “Oraintxe bertan deitu digu berak kartzelatik. Gure aurretik berari jakinarazi diote absolbitu egin dutela. Pozik gaude albisteagaz. Probarik ez zegoen gure nebaren aurka. Atzoko epaiketan argi ikusi zen inolako frogarik ez zutela Aitzolen aurka, eta testigantza guztiak torturen bitartez lortutakoak zirela”.
Hala eta guztiz ere, familiarentzat “ezusteko handia” izan da absoluzioa lortzea. “Ez genuen espero”. 86.000 euroko isuna ere bertan behera geratzen dela suposatzen dute Etxabururen senideek.