Abokatua auzitara eraman zuen Rodolfo Aresek, 2010eko urtarrilean Ondarroan atxilotutakoak Ertzaintzaren esku tortura psikiko zein fisikoak jasan zituztela esan eta gero. Aresek “kalte moralak” egin izana leporatu zion abokatuari eta hain justu horregatik jarri zion helegitea.
Bada, orain, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak orduan gertatutakoa “iraungita” dagoela esan du eta ondorioz abokatua auzi horretan absolbitu egin du.
15 hilabeteko kartzela zigorra, denbora horretan lanetik kanporatzea eta Aresi “kalte moralengatik” 15.000 euroko ordainketa egiteko eskaera egin zuten fiskalak eta Aresen akusazio partikularrak Bizkaiko Auzitegian. Defentsak, berriz, –Zenonek bere burua defendatu zuen– absoluzio eskaria berretsi zuen, “ezelako deliturik ez zegoela” argudiatuz.
Ares, otsailean, epaiketa egin ostean, kazetarien galderak erantzuten.
Otsailaren 5ean izan zen auzi horretako azken saioa.
Bi tesik talka egin zuten egun horretan: batetik, akusazioarenak, torturak ez zirela existitzen ziotenak. Bestetik, abokatuen salaketak, torturak egin egiten direla ziotenak. Epaiketa 09:30ean hasi zen, eta lehenengo
Berriako eta
Garako kazetariek deklaratu zuten, haien atzetik Rodolfo Aresek. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu izandakoak berretsi egin zuen abokatuaren kontra ipinitako kereila, “bere ohorea eta Ertzaintzaren izen ona zikinduak” izan zirelako. Akusazioen txanda amaituta, defentsaren lekukoek hartu zuten hitza: Urtza Alkortak, Asier Badiolak, Zunbeltz Bedialaunetak eta Xeber Uribek Ertzaintzaren esku tortura psikiko zein fisikoak jasan zituztela esan zuten berriro ere, eta beraiek eskatu ziotela Zenoni tortura horiek publikoki zein judizialki salatzea. Martxelo Otamendi
Berria egunkariaren zuzendariak ia ezin izan zuen deklaraziorik egin. Epaileak ez zion utzi azalpenik ematen, bere kontakizuna epaiketaren gaiagaz lotuta ez zegoela iritzita. “Torturak egon zirela ez zela frogatu esaten zuten behin eta berriz. Kontua da, baina, nazioartetik dauden salaketak ikertzeko eskariei ez dietela jaramonik egiten”, agertu zuen Zenonek auzitegitik atera ostean.
Epaia jakin aurretik ere, erruduntzat joko balute, Zenonek errekurtsoa jartzeko asmoa zeukala aurreratu zuen orduan.