Jagoba Arrasate prentsaurrekoan.
Argazkia: Real Sociedad
Triste baina egindako lanagaz lasai joan da Jagoba Arrasate Realetik. Berriatuarrak prentsaurrekoa eman du Zubietan, eta azken momentura arte gogor egon dela esan du, egoerarai buelta emango zion esperantza mantenduz, baina, taldearen erabakia ulertu du. “Hobeto aterako zenaren ilusioa nuen, baina kontzientzia lasai daukat”.
“Taldeari ez diogu espero genuen etekina atera, dinamika txarra eraman dugu eta gauza batzuk huts egin dute”, azaldu du. Hala ere, taldean sinisten jarraitzen du Jagoba Arrasatek: “Talde honek futbola dauka, eta garrantzitsuena desblokeatu eta konfidantza berreskuratzea da”.
Plangintza ez da txarra izan Arrasateren ustez, eta taldeak sailkapenean gorago egon behar luke. “Aukera bat galtzen genuela ikusi nuen zapatuan, gauean gertatutakoa eta jokalariekin hitz egindakoa niretzat gordetzen ditut”.
Errusian gertatutakoari ez diotela buelta ematen jakin uste du Arrasatek. “Krasnodarrekoa kolpe gogorra izan zen eta konfidantza galtzen joan gara. Arrazoi asko egon dira hemen egoteko”.
Gehiago egiteko moduko taldea du Realak Arrasateren esanetan, baina ez dute zelaian erakusten jakin. “Goian egoteko taldea dugu, talde honetan sinisten dut”.
Babestuta sentitu dela esan du Arrasatek, eta klubari eta beragaz egon diren guztiei eskerrak eman dizkie “emandako konfiantzagatik”.
Kargutik kanpo
Zapatuan, Malagaren aurka partida galdu ostean, Arrasate kargutik kentzea erabaki zuen Real Sociedad taldeko zuzendaritzak. Azkenaldian bor-borka zegoen gaia izan bada ere, azkenean taldeak kendu du berriatua entrenatzaile kargutik. Zapatuko partida amaitzean, Arrasatek futbol zelaiari musu eman eta aldageletara egin zuen. Eta keinu hori agur moduan hartu zuten asko eta askok.
Philippe Montanierrek jarraitzeko eskaintza baztertu zuenean, entrenatzaile kargua betetzeko Realeko zuzendaritzak bi izen izan zituen buruan: Martino eta Arrasate. Eta Realak ezustean hartu zuen erabakia. Izan ere, askok orduan esan moduan, “uste baino lehenago izan zen Jagoba Arrasate lehen taldeko entrenatzailea”. Hori, baina, 2013ko ekainean izan zen. Berriatuarrak 2013ko ekainean hartu zuen kargua. Dena dela, aurretik ere Realekoa zen Arrasate; Montanier beraren laguntzaile lanetan ibili zen. Arrasate BBVA Ligako 2013ko abenduko entrenatzaile onena ere izendatu zuten urtarrilean.
Horretaz guztiaz gain, azkenaldian taldeak eduki duen emaitza txarren aurrean, jokalari guztien babesa eduki du berriatuarrak. Atzo bertan, Jon Ansotegi Realeko jokalari berriatuarrak Arrasateren aldeko aldarria egin zuen Malagaren aurka partida galdu eta gero. “Guztiok batera egoteko garaia da. Ez da begiratu behar errua nork daukan; bakoitzak bere akatsak ikusi behar ditu eta hobetu”.