Iparragirreren senideek jakitera eman dutenez preso politiko ondarrutarra zapatuan [azaroak 8] espetxez aldatu zuten. “Ez digute inolako arrazoirik eman”, azaldu du Ibon Iparragirreren amak, Angelita Burgoak.
Domeka goizean eduki zuten espetxe aldaketaren berri. “Ibonek berak emazteari deitu zionean jabetu ginen aldaketaz. Alcala Mecoko (Madril, Espainia) kartzelan zegoela esan zion emazteari telefonoz deitu zionean. Inolako arrazoirik gabe kartzelaz aldatu zutela esan zion emazteari. Gauzak jasotzeko esan zioten, kartzelaz aldatu behar zutela eta. Berak behin eta berriz nora galdetzen zuen, eta haiek gauzak jasotzeko, joatekoak zirela eta. Behin, Alcala Mecoko kartzelan, sarrerako gela txiki batean eduki zutela kontatu zion emazteari. Hotz handia pasatu zuela ere esan zion. Handik preso sozialak zeuden gela batera eraman zuten gerokoan”.
Momentu honetan, Alca Mecoko bosgarren moduluan daukate Iparragirre. Orain momentu honetan ez dute Navalcarneroko kartzelan modura erizaindegian.
Etxerat elkartearen iritziz, Ondarroa da Iparragirrerri lekualdaketa egiteko dagokion toki bakarra. “Ibon Iparragirrek une honetan hiesa du, eta egoera honek eragin neurologiko oso kaltegarria eragin dio, bere eguneroko jarreran, bai berarekiko, baita bere inguruarekiko ondorio txarrak eragiten dizkiolarik. Ez da ulertzen Ibon dagoen egoeran beste espetxe batera adatzea. Aldaketa hauek kalte baino ez diote egiten bere egungo neurologiko eta psikologiko egoeran”.