Arranondoren 287. zenbakia aurkeztu dute kofradia zaharrean
Arranondo kultur elkarteak aurreratu modura, Andres Urrutia Euskaltzainburuak eta Miren Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Diputatuak aurkeztu zuten aldizkaria. Maria Dolores Etxano Arranondoko kideagaz batera egin zuten aurkezpena. Zenbaki berezian parte hartu zuten gainontzeko kolaboratzaileak ere aurkezpenean izan ziren, publiko artean jarrita. “Zubikarairi eskainitako zenbaki berezi honetan, hilero kolaboratzaile modura idazten dutenez gain, beste hainbeste lagunei parte hartzeko eskaini genien, zenbaki bat bere omenez egiteko. Oso zenbaki ederra da. Augustinen bizitzako gorabehera asko kontatzen ditu”, nabarmendu zuen Etxanok.
Miren Josune Ariztondo, ostera, Augustin Zubikaraik egindako lan oparoari buruz berbetan aritu zen, tartean Euzkadi aldizkarian egindako lana ere aipatu zuen. Hark egindako behar guztia goraipatu, eta bere garairako “idazle konprometitua” izan zela azpimarratu zuen. “Kulturan ez zuen laga ikutu eta sakondu gabeko arlorik”.
Andres Urrutiak, aldiz, 36ko gerra osteko “egoera latzetan” Zubikaraik euskararen alde behar handia egin zuela aitortu zuen.
Aurkezpen ekitaldia amaitu orduko, azken zenbakian parte hartu duten Gorka Aulestiak eta Joseba Agirretxeak Zubikarai gogoratu, eta euskararen erabileraren inguruko eztabaida interesgarri batean parte hartu zuten Ariztondogaz eta Urrutiagaz batera.
IRUDIETAN [nggallery ID=205]