Abenduaren 14an, 17:00etan
Markina-Xemeingo Sare-ren aurkezpena egingo dute Uhagon kulturgunean.
Sare, pertsona ezberdinen artean osatutako herritarren sarea dela jakitera eman dute ekimen herritarra sortzeko pausuak ematen hasi diren markina-xemeindarrek. “Giza eskubide guztien alde dauden pertsona guztiak biltzeko bokazioa du Sarek, eta pertsona ezberdinok euskal preso, iheslari eta deportatu guztien giza eskubideen alde egingo dugu lan”, azaldu dute.
Herritarrak izango direla protagonista azpimarratu dute, pertsona bakoitza sarearen puntu bat izanik: “Bakoitzak bere inguru naturalean egingo du lan, berdin eremu akademikoan, kulturalean, kirolaren esparruan, herrian edo auzoan, eta elkarren artean lotuko gaituena euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak euren eskubieen jabe izatea izango da”.
Euskal Preso, iheslari eta deportatuei legez dagozkien eskubideak berrezartzeko bidean egingo dute lan: presoen urruntzea ahalbidetzen duen sakabanaketa politikaren amaiera lortzeko, presoa pertsona gisa suntsitzea ahalbidetzen duen isolamendu eta bakartze egoerekin amaitzeko, gaixotasun larriak dituzten presoen kaleratzea lortzeko, 70 urtetik gorako adina duten presoak eta zigorraren 3/4k eta 2/3ak beteta dituztenen kaleratzea lortzeko, bizi osorako zigorra eta espetxealdi luzapena ahalbidetzen duten lege eta egoerak indargabetzeko, eta espetxean egoteak ahalbidetzen dituen eskubide urraketei amaiera emateko.
“Asmo horiekin bat egiten duten pertsona guztiek dute lekua Markina-Xemeingo Sare herritarrean”, azpimarratu dute, eta abenduaren 14an egingo duten aurkezpenera etortzeko gonbitea luzatu dute. “Denon artean euskal preso eta iheslarien giza eskubideen urraketekin amaitzea lortu behar dugulako”.