Finalista egunarekin amaituko dituzte mendi asteko ekimenak. Argazkia: Aurrera mendi taldea.
Lau ekimen prestatu dituzte Aurrera mendi taldeko kideek. Etzi egingo da lehenengoa. 20:15ean, Kilian Jornet abenturazalearen
Dejame vivir dokumentala proiektatuko da Kofradia Zaharrean. Antolatzaileek aurreratu dutenez, “harrez gero behar gehiago egin baditu ere, Jornet-ek egin zuen lehen dokumentala proiektatuko dugu”. Horrez gain, Kofradia Zaharrean urte osoan Kalamendin jasotako argazkien sailkapen erakusketa bat ere egingo dutela azaldu dute. “Hilero jaso ditugun argazkietako batzuk bertan ipinita egongo dira”.
Hilaren 28an, barikuan, ostera, IƱaki Arantzamendi eskalatzaile ondarrutarrak hitzaldia eskainiko du Kofradia Zaharrean. Azkenaldian Espainiako eskalada taldean aritzeko aukera izan duen kirolariak bere esperientziaren eta ibilbidearen berri emango du 20:15etatik aurrera. “Polita izango da herriko kirolari batek hitzaldia ematea”, nabarmendu dute antolatzaileek. Hilaren 29an, zapatuan, boulderra probatzeko aukera izango dute gazteenek, 10:30etik eguerdira bitartean.
Azkenik, mendi asteari amaiera emateko, finalista eguna egingo dute hilaren 30ean. 08:30ean irtengo dute Alamedatik, eta nahi duten guztiari eurekin mendira joateko gonbitea luzatu diete. Alamedatik, Kalamendira joan eta Berriatuko plazara joango dira, gerokoan 10:30ak inguruan beste lagun batzuekin elkartzeko. “Berriatuan gurekin beranduago elkartu nahi duenak ere, aukera hori ere izango du”. Handik, Madalena, Tontorramendi, Burgo eta inguruetatik Ondarroara bueltan etorriko dira.
Mendi astea, egitaraua