Zubixa Libre dinamikako kideek aurreratu dutenez, bi izango dira hitzaldia emango duten kideak. Alde batetik, Oihana Barrios Etxerat elkarteko kide eta psikologoa. “Barriosek, esate baterako, esperientzia handia du atxilotuekin inkomunikazio aldia pasa eta gero”, adierazi dute hitzaldia antolatu duten kideek. Bestetik, Maitane Sagastume euskal preso politiko ohiak, bere espetxealdia nola bizi izan zuen azaltzeko aukera izango du, besteak beste.
Gaia bereziki emakumeei protagonismoa emateko aukeratu dutela nabarmendu dute Zubixa Libre dinamikako kideek. Gaia emakumeen ikuspegitik Mutrikun landuko den lehen aldia izango da, gainera. “Emakumeen aurkako indarkeriaren nazioarteko eguna asteon izan dela aprobetxatuta, emakumeei protagonismoa eman behar zitzaiela pentsatu genuen. Izan ere, emakumeek errepresioa desberdin bizitzen dugu, eta emakumeen ikuspegitik hori jaso nahi genuen hitzaldi edo mahainguru honekin”.