Ondarroako Danonartin elkarteko kideak
Ondarroako Danonartin elkarteak azaroaren 28an eta 29an janari bilketa berezia egingo du, hirugarren urtez. Urte guztian egin modura, janari dendetan bilketa egiteaz gain, Ondarroako eta Berriatuko hainbat tokitanĀ janaria biltzeko kutxak ipiniko dituzte .
Ondarroako hiru ikastetxeetako ikasleek egitasmoan parte hartzeko aukera izango dute, hurrenez hurren. Ikasleek euren ekarpena egin ahalko dute. Horrez gain, Berdura Plazako bi sarreretan, Alamedan, San Inazio kalean (Badi’s aurreko plazan) eta Iturribarri kalean (Zaton dendaren aurrean) janari bilketa puntu bereziak ipinita egongo dira.
Aurreko urteetan egin modura, Gurutze Gorriaren eta Ondarroako Udalaren laguntza izango dute janari bilketan. Ondarrutarren eta berriatuarren eskuzabaltasuna handia dela nabarmendu dute. “Aurreko urteko kanpainan 2.200 kilotik gora batu genituen”.
Mutrikuko elikagaien bankuak, ostera, Gabonetako janari bilketa berezia egingo du azaroaren 28an DIA supermerkatuan, 09:00etatik 21:00etara. Oinarrizko janarien bilketa egingo dute, batez ere.
Umeentzako janariari dagokionez, erostekotan, fruta edo arraina dutenak erosteko eskatu zaie herritarrei. “Haragia dutenak Europatik jasotzen ditugu”. Pardelak ere oso beharrezkoak direla gogoratu dute. Lekaleak eta barazkiak kontserban ematea komenigarriagoa dela aurreratu dute. “Izan ere, familia askok ez dauda elektrizitatea ordaintzeko ere. Beraz, sukaldatu beharrean, berotu bakarrik egin beharreko janari asko eskertzen dira”.
Mutrikun biltzen den janari guztia Bergarako bankura bidaliko da, eta handik herri guztietan banatuko da bakoitzaren beharren arabera. Iaz Gipuzkoak 350.000 kilo janari batu ziren; horietatik 4.905 kilo Mutrikun batutakoak izan ziren. Aurten Mutrikun 5.000 kilotara heltzea da helburua. Mutrikuko bankuak azaroan 46 familiari lagundu dio.