Maria Jesus Ugalde sopranoak, Xemein Abesbatzak, eta Iñigo Alberdi eta Mikel Ansola organujoleek eskainiko dute ekitaldi berezia Fair Saturday edo Bidezko Zapatua deitu duten ekimenaren baitan. Kontzertua 20:15ean izango da Mertzedeko elizan.
Kulturaren bidez, eta kasu honetan musikaren bidez, gizartea proiektu sozial eta Gobernuz Kanpoko Erakundeetara bideratzeko ekimena da Fair Saturday. Azaroaren azken asteburuan egiten da, eta aurten estreinako Bizkaian ere egingo dute. Horrela, era askotako elkarteei laguntzeko kontzertuak egongo dira zapatuan Bizkaiko hainbat herritan, tartean Markina-Xemeinen.
Ilusioz beteta
Izarbidean elkarteko lehendakari Luis Egurrolak azaldu duenez, Iñigo Alberdi Amasorrain Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusi izan denak hartu emana dauka Izarbidean elkarteagaz, bere eskutik eman zuen orkestra sinfonikoak aurretik ere kontzertua Izarbideanen alde. «Beraz, elkartearen beharrak ezagutzen dituenez, Fair Saturday ekimenaren baitako kontzertua Izarbideanen alde egitea proposatu zigun, eta berehala onartu genuen».
Hasiera batean kontzertua Iñigo Alberdi organujoleak eta Maria Jesus Ugalde sopranoak eman behar zuten, baina, Xemein Abesbatza eta Mikel Ansola organujolea ere parte hartzeko prest agertu dira, eta elkartasun kontzertuagaz bat egingo dute. «Berehala, uste gabe sortutako proiektu berezia izango da», azpimarratu du Izarbidean elkarteko lehendakariak, pozik. Betiko modura elkarteko kideak ilusioz beteta daudela nabarmendu du Egurrolak. «Ekitaldi desberdin baten parte izateko alaitasunez».
Kontzertuko sarrera borondatezkoa izango da, eta lortzen den guztia Izarbidean elkarteari laguntzeko izango da.