Lea-Artibaiko zabor bilketa zerbitzuko bi langile kaleratu dituztela salatu du LABek
Zaborra biltzeko zerbitzua enpresa pribatu bati esleitu zitzaion. Baina, LABen esanetan, aurrekoa astean, zebitzua beteko duen enpresa aldatu egin zen eta momentu horretan bi langile kaleratu zituen enpresa berriak. Horrez gain, “orain arte langileek izan duten lan hitzarmena ez dutela aplikatu nahi adierazi dute enpresa berriko arduradunek”.
Errealitate horren aurrean, sindikatuak Amankomunazgoari zerbitzu baten kudeaketa enkantera atera behar duenean gutxiengo batzuk bermatu behar direla esan dio. “Erakunde publiko batek, gutxienez bermatu egin behar du enpresa berriak zerbitzua eskaintzen duten langileak euren lan eskubide guztiekin hartuko dituela”.
Horrela ba, LABek kaleratzeak eta zerbitzua eskaintzen duten langileen lan baldintzak aldatzeak dakarren arriskua salatu du. Bide beretik, zabor bilketa “berebiziko” zerbitzua dela eta “langileen prekarietatean oinarrituz” ezin dela kalitatezko zerbitzurik eskaini dio.
Egoera horren aurrean, Amankomunazgoari kaleratutako langileak berriro ere euren lanpostuetara bueltatzea exijitzen dio LABek. “Langileen lan baldintzak bermatzeko eta enpresaren mehatxuak bertan behera geratzeko ere exijitzen diogu”.