Zapatuan Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin dute Iparragirreren senideek
Martitzeneko gertaeraren ostean, informazio gutxi dute Iparragirreren senideek. Izan ere, beste preso batek jipoitu eta gero, senideek “ezer gutxi” dakite euren senidearen osasun egoerari buruz. Kezkatuta daude, euren senidea nola egongo ote dagoen jakinminagaz. “Erizaindegitik deitu bazuen, ez du gauza onik izango. Oso urduri sumatu genuen, eta horrelako egoerak ez zaizkio bat ere komeni”, adierazi du Gotzon Iparragirre Ibonen anaiak.
Ibon Iparragirrek jasotako jipoia eta gero, zapatuan Bilbon preso gaixoen alde egingo den manifestazioak berebiziko garrantzia duela azpimarratu dute Iparra Galdu Baik eta Ondarroako preso politikoaren senideek. “Deialdi hau, martitzeneko gertakaria gertatu baino lehen egina zegoen. Baina, atzoko jipoia eta gero, argi eta garbi uzten dugu zelako garrantzia duen zapatuko manifestazioak. Garrantzitsua da preso guztiak, eta bereziki larriki gaixorik daudenak euren etxeetan egotea, edo gutxienez Euskal Herrian”. Presoak babestuta sentitu daitezkeen giro batean egotea ezinbestekoa dela deritzote, “bakoitzak behar duen tratamendua jasotzen”. Manifestazioa Bilbon 17:30etan Bilboko Bihotz Sakratuaren enparatzatik aterako da Giza eskubideak errespetatu. Gaixo diren presoak etxean eta bizirik lelopean. Iparragirreren senide eta lagunek euskal jendarteari Bilbora joateko deia luzatu diete. Ondarroatik plataformak berak antolatuta zapatuko manifestaziorako autobus bat prestatu da, esate baterako. Anaitasuna eta Kulixka tabernetan eman daiteke izena. Inguruko herrietan ere, manifestazioara joateko autobusak ipini dira. Plataformako kideek eta bereziki Iparragirreren senideek, manifestaziora joatea “oso garrantzitsua” dela nabarmendu dute. “Lehenengoko ekimena izango da Bizkaiko preso gaixo larrien plataformako kideok antolatzen duguna. Gure ustez, oso garrantzitsua da horri guztiari hasiera bat ematea, eta gerokoan jarraipena ematea. Hasiera denez, sekulako garrantzia du guretzako”.