Gaur goizean ia ez zegoen baxurako ontzirik Ondarroan
Ipar Ekialdeako haizea zela eta, itsaso txarra egin zuen astelehenean, eta arrantzaleek ez zuten arrantzara irtetzeko aukerarik eduki. Horrenbestez, baxurako arrantzaleek martitzenean ez zuten arrainik porturatu Ondarroako Kalare Deuna kofradian. “Denak portuan geratu ziren. Eguraldia baretu arte”, azaldu zuten kofradiako arduradunek.
Martitzenean, eguraldi hobeagaz, arrantzaontziak itsasoratzea erabaki zuten. Martitzenean eguna arrantza eman ostean, eguaztenean batez ere sardina ekarri zuten. 15.000 kaxa porturatu zituzten arrantzaleek. “Aspaldiko kopuruekin alderatuta arrain gutxiago sartu da. Arrantzu kopuru hori hamar itsasontzik ekarri zuten. Kontutan eduki behar da txalupa asko ere euren jatorrizko portuetara bueltatu direla. Galiziatik etorritakoak joanda daude, esate baterako”.
Tamainari dagokionez, kiloan 20 bat ale izan zituen eguaztenean porturatutako sardinak. Aurreko astean bandera ipini zutenez geroztik, gainera, prezioz ere, zer edo zer garestiago saldu zen: 63 zentimoan, bataz beste. Hala ere, aurreko asteetan baino urrutiago dagoela aitortu dute arrantzaleek. Euskal kostaldetik 7-8 ordutara, Arcachon (Frantziako kostaldean) inguruan.
Gaur [abenduak 4], ostera, goizaldean turrun hotsak arraina sartu dela adierazi du. 1.500 kaxa buzten baltz ekarri dituzte kamioian Santanderretik. Bataz beste 74 zentimotan saldu dira bentalekuan. Horrez gain, goizean betandia eta eguerdian sardina porturatzea espero zuten kofradiako arduradunek.
Goizean mugimendu gutxi sumatzen zen portuan. Izan ere, abenduan itsasontziak gelditzen hasten dira. Datorren astea orduko, txalupa gehienek geldialdi biologikoa deritzona egiten hasiko dira.