Mutrikun jokatutako topaketak. Argazkia: Danok Bat elkartea
Asteburuan Mutrikuko, Bidarteko, Markina-Xemeingo, Berriatuko eta Cabanillaseko pelotariek Mutrikuko Miruaitz frontoian egin diren zesta-punta topaketetan parte hartu dute. Danok Bat elkarteko kideak “pozik” agertu dira topaketak egin ostean. “Topaketetan gustura ibili gara. Ondo pasatu dugu hango eta hemengo taldeko kideak elkar ezagutzen, eta egun bat konpartitzen. Egun polita izan zen. Hainbeste partida jokatu eta gero, denok oso nekatuta amaitu genuen”, azaldu du Jon Mendizabalek.
10:00etan hasita, sailkapen partidak jokatzen hasi ziren Miruaitzen. 15:30ean amaitu zuten kinielak jokatzen. Behin, finalerako bikoteak iragarrita, finalak jokatu zituzten arratsaldean, 20:30ak arte. Denetara bost final jokatu ziren: benjamin aurrekoak, alebinak, txikiak, kadeteak eta gazteak.
Benjamin aurreko mailan, Danok Bat elkarteko Aiertek eta Aimarrek eta Markina-Xemeingo Alexek eta Ianek osatutako bikoteak jokatu zuten finala. Etxeko taldeak 25-22 irabazi zioten Markina-Xemeingo bikoteari. Bi bikoteek partidu oso txukuna jokatu zuten, eta azken momentura arte, emozioz betetakoa izan zen.
Alebin mailan, aldiz, bi final jokatu zituzten. Alde batetik, Danok Bateko Eñautek eta Eneritzek Bidarteko Lioeois eta Moisseron-en aurka jokatu zuten. Iparraldeko bikoteak irabazi zuen finala: 25-20. Lehen finala, oso lehiatua izan zen. Alebinen bigarren finalean ere, Danok Bateko kideak egon ziren. Markelek eta Unaxek Manex eta Jainagaren aurka jokatu zuten. Mutrikuko bi taldeak ederto aritu ziren, baina Manexek eta Jainagak markagailuan aurreratzea lortu zuten. Maila polita erakutsi zuten etxekoek.
Txikien mailan, Danok Bateko Zuhaitzek eta Aratzek, Bidarteko Berge eta Derdoulay-ren aurka norgehiagoka polita jokatu zuten. Mutrikuarrak aurrea hartu eta 25-21 irabazi zien Bidarteko bikoteari. Nahiko partidu txukuna egin zuten.
Kadeteetan talde mutrikuarreko Ekaitz Mendizabalek eta Mikel Manzisidorrek Markina-Xemeingo eta Berriatuko eskoletako Ibarluzea eta Ruiz izan zituzten aurkari. Danok Bat taldeko bikoteak nahiko erraz irabazi zion bikote bizkaitarrari. Partida oso azkarra izan zen.
Azkenik,
gazte mailako finalak Danok Bat taldeko Jon Goenaga eta Aitor Andonegi Bidarteko Lallo eta Basqueren aurka aritu ziren. Maila handiko partida jokatu zuten lau gazteek. Ondo baino hobeto ibili ziren etxekoak, eta herrian bertan geratu zen. 25-15 irabazi zuten Goenagak eta Andonegik.