Frantzian preso dauden ondarrutarrak ez Espainiaratzeko kanpaina abian ipiniko da Ondarroan
Frantzian preso dauden herritarrak ez Espainiaratzeko kanpaina abian ipiniko da Ondarroan. Zehatz esanda, Frantziako kartzeletan dauden Aitzol Etxaburu Artetxe eta lagunak ez Espainiaratzeko eskatzen duen gutun bidalketa masiboa martxan ipiniko dute Ondarroako preso eta iheslarien lagunek.
Parisko Christiane Taubira justizia ministroari bidaliko zaion gutuna etxean jasoko dute herritarrek. Eskaera frantzesez idatzita bidaliko da, eta ekimenagaz ados dauden herritarrek gutuna sinatu eta gutun atzean bidaltzailearen izena idatzi beharko dute. Sinatutako gutunak kalean ipiniko diren mahaietan jasoko dira; denak jaso ostean Parisera bidaliko dituzte.
Taubirari zuzendutako gutunean, presoak Espainiariatuz gero Espainiako kartzeletan eduki ditzaketen zailtasunak azaltzen dira: bisita kopuru eta telefono dei murritzagoak, isolamendua, dispertsioa eta Euskal Herriko Unibertsitatean ezin ikasi izana aipatzen dira, besteak beste.
Azken finean, euskal presoen eskubideak gutxiesten dituztela nabarmentzen da gutunean.
Asteburuko ekimenak. Bestalde, asteburuan hainbat ekimen egingo dituztela aurreratu dute Ondarroako preso eta iheslarien lagunek.
Zapatuan, esaterako, bildots baten zozketa egingo dute. Zozketako zenbakiak 10:00etatik 14:00ak arte Kalekutzeko eskaileretan salgai egongo dira. Domekan, aldiz, alde zaharrean materiala saltzen ariko dira; kamisetak eta postalak ipiniko dituzte salgai.