Isurketa bide bazterrean zehar. Argazkia: Ekozain
Atzo bertan isurketa berri baten berri eman zion Markina-Xemeingo ekologia taldeak Eusko Jaurlaritzako Uren Sailari. Ekozainek jakitera eman duenez, Olazpe harrobiko hautsa euriaren urak eraman, eta bide bazterretik errekera zuzenean zihoala ikusi zuten. “Hauts hori dagoenik eta txarrena da errekarentzako. Hauts hori astuna da, eta errekaren azpiko partean geratzen da eta bertan bizi diren mikroorganismo guztiak eta euretatik bizi diren animalia guztiak hiltzen ditu”, azpimarratu dute.
Ekologia taldeak dionez, harrobiek badute isurketa horren berri, baina ez dute neurririk hartzen. “Harrobietako inguru guztia kanalizatuta egon behar da eta hauts hori putzu batetara bideratu behar dute, baina, ez dute legea betetzen”.
Isurketa atzo goizean. Argazkia: Ekozain
Ekozainen ustez, legea ondo betetzea bermatu eta exijitu behar du administrazioak. “Legea ondo dago baina, betearazi egin behar da, larregi uzten diete eta egoera horrek berdin jarraitzen du”, adierazi dute.
Dentici arraindegiaren ondora doala isurketa jakitera eman dute ekologia taldekoek.
Zikina errekara ailegatzen. Argazkia: Ekozain