«Sare, euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen urraketagaz behin betiko eta errotik amaitzeko sortu den sare herritarra da; egitasmoaren protagonistak danok gara eta bat egin behar dugu», azaldu zuten. Jakitera eman zutenez, mugimenduaren erronka nagusiak sakabanaketagaz behin betiko amaitzea, gaixo larriak, 70 urtetik gorako pertsonak eta hiru laurdenak beteak dituzten euskal presoak, beste presoen modura, kartzeletatik irtetea, eta espetxealdi luzaketarik ez egotea dira. Hori dela eta, Jose Ramon Foruria Foru gaixorik dagoen preso politiko markina-xemeindarraren kasua aitatu zuten: «11:00etatik 18:00ak arteko ordutegia dauka kalean egoteko, astero Basaurira joan behar da sinatzera eta Bizkaitik ezin du irten. Nahiz eta kartzelatik kanpo egon ezin da esan aske dagoen pertsona bat denik».
Dispertsioaren Liburua
Sakabanaketaren aurka egiteko ahalik eta sostengu gehien biltzeko asmoz Sarek atera duen Dispertsioaren liburua ere aurkeztu zuten ekitaldian. Liburuxkaren xedea, politika horrekin behin betiko amaitu ahal izateko, errealitate hori ikuspuntu ezberdinetatik aztertu eta mundu guztiaren aurrean ezagutzera ematea da. Euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez dagoen liburua zabaltzeko modua eskuz esku izango da, sarekideen bitartez.
Dispertsioaren Liburua argitaratu zenean 475 euskal herritar zeudela preso zehaztu zuten, horietatik 463 dispertsatuak, eta euretako bat Ziortza Bolibarko Andoni Lariz Bustindui da. Lariz, 2013ko urtarrilaren 12an atxilotu zuten, eta Frantziako Bois D’arcy espetxean dago. «Bete beharreko zigorragaz gain dispertsioaren zigor gehigarria daukate euskal preso politikoek eta egoera horrek familia ezegonkortzeaz gain gastu ekonomiko handia eragiten die», nabarmendu zuten.
Azaldu zutenez, Andoni Larizen familiak 1.766 kilometro egin behar ditu astebururo, urtean 21.192 kilometro, eta bidaiak asteko 400 euroko kostua dauka, urtean 19.200 euro.
«Sakabanaketagaz amaitzea beharrezkoa da, eta danon artean lortuko dugu; danok gara beharrezko», azpimarratu zuten.
Sarea ehuntzeko, beraz, sarekideak egiten hasi dira. «Sareren helburuekin bat egiten duen edonor izan daiteke sarekide», azpimarratu zuten. Horretarako fitxa bat bete eta entregatu behar da, eta Gabonetan horretarako mahaia jarriko dutela jakitera eman zuten mugimenduko kideek.