Probako hiru irabazleak (ezkerretik eskumara): Igor Mancisidor, Julen Ozaeta eta Ibon Bengoetxea. Argazkia: Talaixa Triatloi kluba
Ondo pasatzeko aukera ederra eduki zuten domekan Mutrikuko XII. Herrikrosean parte hartu zuten guztiek. Guztiak jai giro ederrean ibili ziren korrika. Izan ere, helburu nagusia parte hartzea izan zen.
10:00etan hasi ziren herriko gaztetxoak korrika. Ia 50 gaztetxok parte hartu zuten antolatu ziren bi probetan. Hain zuzen ere, mota honetako kirol probetan herriko gazteenen parte hartzea oso garrantzitsua dela azpimarratu dute Talaixa Triatloi klubeko kideek. “Antolatzen ditugun proba guztietan umeentzako proba bat egitea oso atal garrantzitsua bihurtu da guretzako. Ez dugu helduentzako probak bakarrik antolatu nahi. Belaunaldi berriei kirolera hurbiltzeko aukera eman nahi diegu. Lehia alde batera utzita, ezinbestekoa iruditzen zaigu umeen artean kirola bultzatzea”.
Parte hartu zuten gaztetxo guztiak pozik geratu ziren proban parte hartu eta gero. Sari modura, helduei banatu zitzaien elastiko berdina jaso zuten.
Lehen hiru sailkatuak podiumean (ezkerretik eskumara): Lide Azkue, Gurutze Frades eta Oihana Kortazar. Argazkia: Talaixa
Nagusiei dagokionez, lehia alde batera utzi eta giro onean korrika aritu ziren 137 partehartzaileak. Hala ere, lehenengo helmugaratu zirenen artean lehia estua egon zen. Batez ere, helmugara heldu ziren bi neskak eta bi mutilak elkarrengandik oso hurbil ibili ziren.
Mutilen kasuan, Julen Ozaeta aurretik ibili zen lasterketa osoan, baina Ibon Bengoetxeak oso gertutik jarraitu zion. Ia ibilbide osoan pareko joan ziren lehenengo bi sailkatuak. Helmugara heltzeko bi kilometro falta zirenean, Ozaetak aurrea hartzea lortu zuen lasterketan lehenengo sartuaz.
Neskei dagokionez, gauzak ere estu ibili ziren. Gurutze Frades eta Oihana Kortazar nahikoa parekatuta ibili ziren, baina azken igoeran Fradesek alde txiki bat atera zion Kortazarri.
Balorazio ona eta baikorra egin dute Talaixa Triatloi klubeko kideek Mutrikuko lehen herrikrosa antolatu eta gero. “Nahikoa jende hurbildu da, eta helburuak lortu dira. Guk dakigunez, inork ez du minik hartu eta ez da inolako arazo larririk egon”. Pozik daude antolatzaileak. “Talde barruan ere oso pozik geratu gara. Lasterketa berreskuratzeko gogoarekin geunden. Partaideak nahikoa gustura ikusi ditugu, eta hori da guretzat garrantzitsuena”.
SAILKAPEN OROKORRA
Mutilak
- Julen Ozaeta Petralanda (Durango): 32 minutu eta 29 segundo
- Ibon Bengoetxea Zabala (Lekeitio): 32 minutu eta 48 segundo
- Igor Mancisidor Arruti (Deba): 34 minutu eta 6 segundo
- Lehen mutrikuarra. Ruben Arrizabalaga Basterretxea: 34 minutu eta 40 segundo
Neskak
- Gurutze Frades Larralde (Iurreta): 37 minutu eta 30 segundo
- Oihana Kortazar Aranzeta (Mutriku): 38 minutu eta 22 segundo
- Lide Azkue Iruretagoiena (Markina-Xemein): 41 minutu eta 6 segundo
- Lehen mutrikuarra. Oihana Kortazar Aranzeta: 38 minutu eta 40 segundo