Hauteskundeetan aurkeztuko duen herri programa izango dena lantzen hasi da Ondarroako Bildu
Domekan Hari Gara dinamikako pausuak zeintzuk izango ziren azaldu zuten Ondarroako Bilduko kideek. Kofradia Zaharrean batu ziren 50 lagunei herri programa nola egiteko asmoa duten azaldu zieten. Lehen saioa “oso partehartzailea” izan zela nabarmendu dute Bilduko kideek.
Azalpenen ostean, programa izango dena lantzen hasi ziren. Kirola, hezkuntza, kultura, osasuna, berdintasuna, aniztasun sexuala, feminismoa, hirugarren adina, gazteria, osasuna, etxebizitza, industria, turismoa eta beste hainbat esparruren artean aukeraketa egin behar izan zuten domekako ariketan parte hartu zutenek. Denetara, 30 esparruren artean bakoitzarentzat garrantzitsuenak ziren hiruren artean aukeratu behar izan zuten herritarrek. Gerokoan, parte hartzaile bakoitzak nahi zuen arloan proposamenak egiteko aukera izan zuen.
Ideia asko sortu eta jaso ziren domekan, eta horien guztien inguruan sakontzen joan beharko direla azpimarratu dute Bilduko kideek. “Urtarrilera bitartean, herritarren ekarpen gehiago jaso nahi ditugu. Ideia horiek, herri programa osatu arte, pixkanaka ordenatzen joango gara”.
Horrez gain, hurrengo egunetan herritarren artean kirol eta ingurugiro arloetako inkestak egiteko asmoa ere agertu dute. Esparru horietan beharrean dauden jendearen artean egingo dute inkesta. “Jende horri gerokoan inkesta hori bere inguruan zabaltzeko eskatuko zaio”. Herrian zehar ipiniko diren hiru buzoietan inkesten emaitzak jasoko dira.
Bestalde, abenduaren 27an bi mintegi egingo dira. Hezkuntza eta etxebizitza mintegia egingo dira, 10:00etatik aurrera Kofradia Zaharrean.