Mutrikuko kirolaren bigarren gala egingo da barikuan
Udaletxeko areto nagusian egingo da Mutrikuko Udalak antolatutako kirol gala. Sari banaketa egin aurretik, mahai ingurua egingo dute. 19:00etatik aurrera, herriko goi mailako kirolariek prestakuntza fisikoaren garrantziaz diharduen mahai inguruan beraien esperientzien berri emango dute.
Oihana Kortazar munduko mendi lasterketa txapeldunak, esate baterako, mendi lasterkariek dituzten erronkez eta prestakuntzaz hitz egiten ariko da. Kortazarrekin batera, Mugerza aita-seme aizkolariek eta Atharratze Beristain mendi lasterkaria beraien kirol esperientzien berri ere ematen ibiliko dira.
Ordubete inguruko mahai ingurua eta gero, Txemi Galarragak aurtengo kirol galaren aurkezpena egingo du. Besteak beste, herriko kirolari, talde eta kirol ibilbiderik onenari saria emango die, aipamen bereziarekin batera.
Mutrikuko kirolari onenen artean honako hauek dira aurtengo izendatuak: Asier Illarramendi futbolaria, Gotzon Arrieta eta Patxi Ituarte sokatiralariak eta Atharratze Beristain mendi lasterkaria. Era berean, talde onenaren saria jasotzeko honako hauek dira izendatuak: Mutriku Futbol Taldea, Mutriku Arraun Taldea, Danok Bat eta Saskibaloi Taldea.
Kirol ibilbide onenaren artean hauek dira izendatuak: Antonio Txartxa, Pedro Basterretxea, Amaia Elosegi, Fausto Mugerza, Jose Agustin Elezgarari, Benito Romero eta Peio Arreitunandia. Azkenik, aipamen berezirako hauek dira izendatuak: Ugaitz Mugerza, Jose Arrunategi eta Mikel Mariezkurrena.