Playa de Ondarzabal Lekeitioko baxurako ontzia zatikatzen ari dira Ondarroako portuan
Aukera guztiak aztertu ostean Playa de Ondarzabal zatikatzea erabaki zuten uztailean, Lekeitioko garapen batzordeak eta tokiko gobernu batzordeak. Itsasontzia berreskuratzeak kostu ekonomiko handia zeukala jakitera eman zuen udalak.
Gainbehera
1967. urtean itsasoratu zen lehenengoz Playa de Ondarzabal. 2003an, berriz, museo bihurtu zuten, eta mantenimendu plangintzak egiteko itsasontzia 2 edo 3 urteroko aldikotasunagaz gurdira igo beharko zela erabaki zuten, baina apurka-apurka itsasontziaren egoera okertuz joan zen. Horrela, 2013ko neguan, Ondarzabal karrora igotzeko unea zela ikusi eta aurrekontu ezberdinak eskatu zituen Lekeitioko Udalak ontzioletara. Karrora igotzea eta konponketak egitea, 200.000 euro inguruko aurrekontua zutela jakin zuten horrela, eta diru hori Ondarzabalera zuzentzeko, udalak beste zerbitzu batzuetan murrizketak egin beharko lituzkeela adierazi zuen. “Beste udal zerbitzu batzuk kolokan jarri gabe (kultura, berdintasuna, ongizate, kirola) aurrekontu horiei heltzea udalarentzat ezinezkoa da, eta ondorioz, bide desberdinak lantzen aritu gara orain arte itsasontzia mantentzen saiatzeko”, azaldu zuten.
Bermeo eta Santurtziko udalekin eta Bilboko Itsas Museoagaz ere bildu zen Lekeitioko Udala irtenbide bila, baina, itsas ondarearen kudeaketa udalek bere gain mantentzearen kostuak oso altuak zirela eta horrek itsas ondarearen jarraipena kolokan jartzen zuela ondorioztatu zuten, bestelako erakundeek edo babes ekonomikorik ez bazeukaten, behintzat.
Horregatik, udala finantziazio bide ezberdinen bila hasi zen, eta Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunekin bilerak egin zituen. Baina, Eusko Jaurlaritzak zein Bizkaiko Foru Aldundiak ezezkoa diru laguntzari ezezkoa eman ziotela adierazi zuen udalak. Aukera hori agortuta, Atabaka elkartearengana ere jo zuten elkarlan eske, ondarearekiko erakutsitako interesagatik. Ekonomikoki eta teknikoki bideragarria zen proiektu bat aurkeztu zieten, eta elkarlanean berau zehazten aritu ziren. Baina proiektua aurrera eramateko herritarren babesa ezinbesteko zen. Horregatik, maiatzaren 31n Atabakak bilera bat deitu zuen, baina bileran bildutakoak ez ziren hamar pertsonara iritsi, udaleko eta elkarteko ordezkariak kontutan izanda. Ikusirik proiektuak ez zuela herritarren babes nahikoarik; Barne hausnarketa baten ostean, Atabaka elkarteak proiektuarekin aurrera ez jarraitzea erabaki zuen.
Egoera horren aurrean, udalak azken aukera bat aztertu zuen: Ondarzabal Lekeitiora ekartzea eta lehorrean kokatzea, konponketak egin ahal izateko dirua izan arte. Plan horren arazo teknikoak eta kostu ekonomikoak oso altuak zirela ikusi zutenean, ordea, atzera bota behar izan zuten ideia hori ere.
Hori guzti hori kontuan izanda, Playa de Ondarzabal itsasontzia zatikatzea zela zentzuzkoena erabaki zuen udalak. “Proiektu bakar batek ezin ditu udalaren gaur egungo eta etorkizuneko aurrekontuak baldintzatu. Are gutxiago, oinarrizko zerbitzu bat ez denean eta herritargoaren zein udalez gaindiko beste erakundeen babes nahikoarik lortu ez duenean”, adierazi zuten orduan.