Ipuin eta jostailu ez sexistak aukeratzeko gidak argitaratu eta banatu ditu Lekeitioko Udalak
Aurtengo Ipuin eta Liburu ez sexisten gida osatzeko herriko liburu saltzaileekin harremanetan jarri da udala, eta gida eguneratu bat aurkeztu dute. Horretaz gainera, banatutako gidetan agertzen diren liburu guztiak euskarazkoak izatea erabaki dute.
“Ipuin eta jostailu askoren bitartez, konturatu barik askotan, pertsonak sexuka bereiztu eta genero estereotipoak transmititzen dira. Jolas eta ipuinen bitartez berdintasunean oinarrituriko baloreak transmititu daitezkeela uste dugu eta hori lortze aldera proposatu dira katologo hauek”, azaldu du udalak. “Produktu horietako asko euskaraz azaltzen zaizkigunez, euskararen aldeko apustua ere egin genezake ekintza berean”, gaineratu dute.
Katalogo eta gidak ikastetxeetan banatu dituzte, baina horrez gain, liburu eta jostailu dendetan ere jarri dituzte herritar guztien eskura.