Zubixa Libre! dinamikak margolanen erakusketa eta enkantea egingo ditu Mutrikun
Zubixa Libre! dinamikak hirugarren ekimena martxa ipini du Mutrikun. Hain zuzen ere, abenduaren 25era bitartean, herriko artistek egindako hainbat margolanen erakusketa prestatu dute Zubixa tabernan. “Zubixa Libre! gai nagusi modura hartuta, egin dituzte koadroak herritarrek. Gerokoan, bakoitzak berak eman dion interpretazioaren arabera margoztu dituzte artelanok”, adierazi dute Zubixa Libre! dinamikako kideek.
Behin erakusketa amaituta, abenduaren 26an, erakusketan egon diren margolan guztien enkantea egingo dutela aurreratu dute dinamikako kideek; enkantea Beheko Plazan egingo dute. “Egun horretan, urteko azken barikua aprobetxatuz egingo dugu margolanen salmenta”. Enkantean lortzen den diru guztia Zubixa Libre! dinamikarentzat izango dela azpimarratu dute.