Abenduaren 30ean egin zuten bilera Bilboko Garraio Saileko ordezkaritzaren bulegoan Lazunarri moilan egin beharreko lanen gaia bideratzeko. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Garraio Saila, Eusko Jaurlaritzako Ondare Zuzendaritza, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila eta Lekeitioko Udala batu ziren bertan.
Lekeitioko Udalak azaldu duenez, udalaren eskaerak kontuan hartzea lortu dute: “Alde batetik, Lekeitioko arrantzaleek portura sartzeko eta portutik ateratzeko zituzten arazoei soluzio bat ematea. Bestetik, ondare ikuspuntutik, hasieratik udalak egindako proposamenak kontuan izatea, hau da, gure herriko ondarea den Lazunarri moilaren egitura ahalik eta gehien errespetatzea. Eta azkenik, lege ikuspuntutik, proiektua berme guztiekin gauzatzeko, beharrezkoa den prozedura administratiboa jarraitzea”.
Lekeitioko Udalak moilaren ondare izaera mantendu eta bere funtzioa betetzeko interbentzio minimoak egitea nahi izan du. Horretarako Ondare Zentruan alegazioa jarri zuen. “Moilaren betiko itxura eta forma mantentzea izan da proposamena, osorik dauden zatiak mantendu. Dena dela apurtuta ez dagoen zatia berreskuratzeko konpromisoa da hartu dena”, azaldu dute.
Adostasuna lortuta, lanak falta den dokumentazioa bidaltzen dutenean hasiko direla zehaztu du udalak.
Oztopoak jartzen
Lazunarri islako moila konpontzeko lanak aspaldian hasita egon beharko litzatezkela adierazi du Lekeitioko EAJk, baina, Lekeitioko Udalak obra ingurura joateko kamioien pasabiderako baimena ez duela eman eta obra gauzatzeko oztopoak jartzen ibili dela diote. “Eusko Jaurlaritzak baimen guztiak izan arren ( Costas, Foru Aldundiko ondare zerbitzua, Eusko jaurlaritzako ondare zerbitzua, ingurumen saila, e.a…) udala, lagundu beharrean, behin eta berriro Lekeition eta lekittarrentzat, gehien bat arrantzaleentzat, duen eragina ezaguturik eta jakinez, oztopoak eta atzekiak jartzen ibili da Bilduk behin baino gehiagotan proiektu faraoniko bezala izendatu duen proiektu honi lehentasuna eman beharrean”.
Udala, islako moilako zati bat ondare modura izendatzeko egin behar den prozedura administratiboa eta obra aurrera eramateko dituen eskumenak nahasten ibili dela ere adierazi du Lekeitioko EAJk: “Aitzaki bezela edo lau urte hauetan ez dutelako administrazioaren funtzionamendua ikasi”, esan dute.
“Orain, badirudi, Bilduk bere gain hartu nahi duela obra hau aurrera eroatearen irabazia edo ardura, herriko ondarearen babesle bezala bere burua agertuz, baina, ikusi besterik ez da egin behar nola dagoen herriko ondarea; Ondarzabal itsasontzia desguazean, Mendieta ontziola jausten, Abaroa jauregia alde batera utzita, e.a… herria ikusi besterik ez dago”, kritikatu dute Lekeitioko EAJkoek.
Dena dela, EAJkoak pozik agertu dira Eusko Jaurlaritzak blokeatuta egon den egoera hori aurrera eramateko izan duen jarrera baikorra eta gaitasuna ikusita eta Lazunarri egin eta Lekeitioko portuak dituen arazoak konpondu direlako.