Eneko Arrate: Ospakizun arrotzak
Pasa dira Gabonak. Pasa dira urte berriaren etorrera, kixmiren etorrera, erregeak, San Tomasak eta baita loteria nazionalak ere. Kristautasunak bizirauteko eta indar nabarmena hartzeko, dagoena hartu, moldatu eta bereganatzeko gaitasun ikaragarria izan du. Baina, ospakizun arrotzak al dira?
Ekaina bukaeran udako solstizioa ospakizunak indar handia dauka. Egunik luzeena eta gaurik motzena gurtzen da. Ospakizun hori kristautasunak bere egin eta San Juan izenez bedeinkatu zuen solstizioa. Baina neguan ere badago solstizioa, neguko solstizioa, urteko gaurik luzeenarekin, egun horretatik aurrera egunak luzatzen doazelarik.
Ospakizun handiak egingo zituzten gure arbasoek, ama lurrari erroturiko bizitza lagun, eguzkia indartzen ikusteak biziaren jarraipena irudikatzen baitu. Xiberoako herri batzuetan ospatzen da ospakizun hau, adibidez, sua egin eta bere inguruan festa eginez. Ospakizun honi aurre egiteko, Jesukristoren jaiotza asmatu zuten, euskaldunoi Kixmiren etorrera bezala ere aipatu izan digutena, jentilek iragarria, tartean Olentzero, bizirik geratu zaigun bakarra. Nola ez, gure pertsonai mitologikoak ere bereganatu zituzten.
Gure bizi erritmoa kristautasunak markatzen du, garai batean ama lurrak bezala. Negua pasatu ahal izateko txerria hiltzen zen azaroan, eta San Martin asmatu zuten. Behin txerria hildakoan, txorixo, lukainka, odolosteak eta abar trukatzeko, jaten hasteko edo saltzeko garaiari, San Tomas. Negu bukaeran lurra esnatzeko egiten zen makila-jotze eta kantuari, Santa Eskea. Udaberria badatorrela, beraz, soroak janaria eta zuhaitzek fruituak emango zituztela iragartzen zuen garaiari, Aratusteak. Bikain egin dute lana.
Lekurik berezienak ere bereganatu dituzte. Arretxinagako ermita adibide garbi moduan. Herriko leku altuenetan elizak eraiki izan dira eta mendi berezietan ermitak.
Artikulu honekin ez nituzke kristauak mindu nahi, bataio zerrenda amaigabeen arabera asko garelako kristauak. Kristautasunak gauza duinak egin izan ditu, batez ere euskal kulturaren alorrean; gau eskolak, ikastolak, elkarteen lokalak eta abar. Eta egingo ditu ziurrenik gerora ere. Baina manipulazio, gezur handien eta jendearen sinesmenen gainean eraiki dute beraien ondare kontaezina.
Azken finean, kultura edo bizitzeko era bakoitzak bere istorioak, mitoak eta arauak asmatu izan ditu. Euskaldunok ere Olentzeroren mitoa zabaltzeari ekin genion duela hamarkada gutxi, kultura arrotzetako errege magoei eta Aita Noeli aurre egiteko.