Mutrikuko pala txapelketako azken finalistak nortzuk diren bihar jakin ahal izango da
Aurreko asteburuan finalaurrekoak jokatu eta gero, asteburuan jokatuko diren finaletako finalistak ia erabakita daude. Izan ere, zapatuan jokatu zen 1. mailako partidetako batean jokalarietako batek min hartu zuen, eta partida bihar [urtarrilak 14] jokatuko da Miruaitz frontoian. Beste emaitzei dagokionez, dagoeneko hiru bikote finalisten izenak jakitera eman ditu Danok Bat Pelotazale Elkarteak.
Barikuan jokatu zen 2.mailako partidan Zigorrek eta Joxemik 30-14 irabazi zuten Illarraren eta Txutxiren aurka. Zigorrek eta Joxemik osatutako bikote gazteak sasoiko daudela erakutsi, eta “nahikoa erraz” irabazi zien Illarrak eta Txutxik osatutako bikote beteranoari. “Azkenean, partida luze egin zitzaien Txutxiri eta Illarrari”, azaldu dute txapelketaren antolatzaileek.
Zapatuan, berriz, 1. mailako finalaurreko guztiak jokatu ziren. Hain zuzen ere, Igorrek eta Xabi Garaldek, Kepa Arrizabalagaren eta Aitorren aurka jokatu zuten partida atzeratu egin behar izan zen.
Mina eta tendoiko arazoa
Iaz 1. mailako irabazlea izan zen Igorrek palakada jaso zuen ukondoan. “Kepak, nahi gabe, Igor ukondoan jo zuen, eta, ondorioz, partida bertan behera utzi behar izan genuen partida hasi berria zegoela. Kepa eta Aitor 4-2 irabazten zihoazten. Igorrek hezurrean bertan hartu zuen kolpea, eta ez zegoen jokatzeko moduan; minez zegoen eta tendoia arazoak ematen hasi zitzaion”. Zapatuko partida, beraz, bihar [urtarrilak 14], 20:00etan, jokatzea erabaki dute bi bikote aurkariek.
1. mailako beste finalaurrekoari dagokionez, Isaac-ek eta Manzisidorrek 30-29 irabazi zioten Josuri eta Josebari. Berdinketaz betetako partida jokatu zuten bi bikoteek, eta Miruaitzera hurbildu zirenek azken momentura arte ikuskizuna bermatua izan zuten.
Azkenik, domekan 2.mailako beste finalaurrekoa jokatu zen. Kepak eta Eduk 30-24 irabazi zioten Joni eta Urtziri. Partida “luze eta nekagarria” jokatu zuten bi bikoteek, ia bi ordukoa. “20. tantora arte, parekatuta ibili ziren bi aurkariak, baina hortik aurrera Kepak eta Eduk 5 bat tanto egin zituzten, eta partida bukatu arte abantaila hori mantentzea lortu zuten”.