Mikel Iruskieta: 'Baina, zu ez zaude faltan'
Larunbatean han izan ginen, Bilbon. Ordu bete lehenago joan ginen, inguruko tabernaren baten kafetxo bat hartzeko. Badakizue, gorputza epeltzeko, euria edo hotza egingo zuen beldurrez, oraindik gure buruetan aurrekoetan izandako hotz eta euriak gogoan. Ordu bete lehenago joan arren, metroa beteta zetorren eta aurreneko bagoira jo genuen leku bila.
Erreta zegoen kafea irentsi eta Autonomia kalean denbora egiten hasi ginen. Bolondresei bina makiltxo argidun hartu genizkienean, oraindik egun-argia zegoen eta «mobilizazioa» hasi artean zaila gertatu zitzaigun apurtu gabe, osorik, gordetzea bi makiltxoak. Besterik ez zen entzuten, ez zen ikusten: makiltxo argidun apurtuak. Eskerrak «12 bat ordu iraungo zutela».
Hasieran, hotz xamar ikusten nuen neure burua eta ondoko giroa; baina jendea bildu ahala eta makiltxo argidunekin ikusten genituen xelebrekeriek umore puntua eman zioten arratsalde iluntzeari.
Gero, Mirentxineko gidarien fokuak bidea argitu eta zabaldu zuten.
Horren ostean, lau bat senidek argimutil banarekin gure bihotzak unkitu eta atzetik zetozten senide zapi zuridun andanari txalo zaparrada egiterakoan, eskuak bero-berotu egin genituen.
Ordurako, bero zegoen megafoniako mutil esataria. Animatuta. Pozik. Kontent.
Bukaerarako, inoiz baino gusturago egon nintzen eta, zer nahi duzue esatea, ba, ez nuen inor faltan izan. Ni han bainengoen. Ez nengoen sobran. Ez horixe!
Ordutik hona, abokatuak atxilo hartu; LAB sindikatuko atea apurtu eta diru-sakuak (tartean geuk emandako sosak) lapur-mozorro eta guzti eraman. Batzuk kalera eta besteak kartzelara: azken horiek «terrorismorik gabeko terrorismoa gorespena egin izanagatik». Orobat, Europako jurisprudentziari ere kontra egiten diote eta, horretan arrazoia du nire lagunak dionean solitarioan ere tranpa egiten diola euren buruari, bai espainiar gobernuak, bai espainiar judikaturak ere. Nire lagunak sarritan ahotan duen hau ere ikusten dut gero eta argiago: «Gogorrago zigortuko zaituztegu (euskaldunoz ari direnean espaniar epaileak), zigortzeko geure legeak ere betetzen ez ditugula erakusten badizuegu. Aizue, (orain berain artean) nola errespetatuko ditugu, ba, gauzeztan hauek, abokatu terroristak, diruzain terroristak, terrorista terroristak.
Tira, ba, Europako argiei begira egoteak erakusten dit zeinen ilun dagoen bidea, baina era berean erakusten dit zeinen garrantzitsuak diren kanpoko argiak. Eta uste dut, sinetsita nago, ez dagoela bakearen etsaiak argiaz itsutzea baino beste biderik. Bai, baleee, flash moduko argiak dira, momentuan itsuaraztekoak eta kalte handirik egiten ez dutenak momentuan; baina abiadura handian dabilenari momentuko argiak kontrola galaraz diezaioke eta geldoegi dabilenari (ibili balebil) flash-argiak, bakearen aldeko, presoen aldeko eta giza eskubideen aldeko ezkutuko lan, ejem, neketsua zertan den erakutsiko du, ala ez?
Argitu behar dugun hurrengo ortzia Donostiakoa da, ez da nolanahiko erronka, ez! Nik argi dut: haiek terroristak sartu, geuk euskal militanteak atera; eurek hura hustu, neuk hau ES89 3035 0012 77 0120111969 bete, eta zeuk? Now Euskal Herrira! Je suis basque!