Mutrikuko pala txapelketa herrikoiko finalak zapatuan jokatuko dira
1. mailako azken bikote finalista argituta, zapatuan finalean parte hartuko duten lau bikoteak prest daude Miruaitzeko kantxan onena emateko. Izan ere, zapatuan partidua atzeratu eta gero, eguaztenean jakin izan zen 1.mailako bigarren bikote finalista zein izan zen.
Finalak 10:30ean hasiko dira. 2. mailakoen txanda izango da lehenengo; Zigor eta Joxemi, Keparen eta Eduren aurka ariko dira. 2. mailako finala amaitu eta gero, 1. mailakoen txanda izango da. Isaac eta Manzisidor, Igorren eta Xabi Garalde faboritoei txapela kentzen saiatuko dira.
Berdinketaz betetako partida
Eguazten iluntzean 1.mailako azken finalistak erabaki ziren. “Partida oso gogorra” jokatu zuten Igorrek eta Xabi Garaldek, Kepa Arrizabalagaren eta Aitorren aurka. Aurreko zapatuan ukondoan palakada jaso eta gero, minarekin jarraitzen zuen oraindik ere Igorrek. “Kolpe ederra jaso zuen. Beso horretan ez zuen indar handirik, baina moldatu zen”.
Azkenean, iaz txapela lortu zuten Igorrek eta Xabi Garaldek 30-21 irabazi zuten. Partida luzea izan zen eguaztenekoa; berdinketak bata bestearen atzetik etorri ziren markagailuan. “Igor eta Xabi 19-18 irabazten zihoazela, Kepak bi pilotari ez zion ondo eman, eta tanto bi galdu zituzten Igorrek eta Xabik abantaila hartuaz. Geroago, Kepa zer edo zer arriskatu zen, baina txarto atera, eta aurkariek abantaila handitzea lortu zuten”.