Ondarroako Gaztedi tabernan jokatutako Euskal Herriko Mus Txapelketako kanporaketak
Herriz herri jokatzen ari dira Euskal Herriko VII. mus txapelketako kanporaketak, eta apurka-apurka herrialdetako kanporaketetara joango direnen aurpegiak eta izenak ere ari dira ezagutzen. Lea-Artibairi dagokionez, momentuz, Ispasterren eta Ondarroan jokatu dituzte, eta beste herrietako datak ere zehaztuta daude. Horrela, zapatuan, urtarrilaren 31n jokatuko dira Lea-Artibaiko beste kanporaketa guztiak. Markina-Xemeingo Uhagonen, Aulestiko Ilunzar tabernan, Gizaburuagako Herrikoan, Mendexako Gure Kabian eta Lekeitioko Guzurmendi tabernan egongo da jokatzeko aukera.
Otsailaren 21ean eta 22an izango dira herrialdetako kanporaketak: 21ean Bizkaikoa (Barakaldon), Gipuzkoakoa (Alegian), Nafarroa Garaikoa (Iruñean), Lapurdikoa (Urruñan), Arabakoa (Eskuernagan) eta Baxe Nafarrokoa (Lartzabalen). Azkena Zuberoakoa izango da, otsailaren 22an Urdiñarben.
Euskal Herriko Mus Txapelketako kanporaketa saioa, Ondarroako Gaztedi tabernan
Aurten gainera, finala, Lekeition jokatuko da martxoaren 7an. Egun osoko ekitaldia izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Independentzia plazan batuko dira jokalariak 08:30etik aurrera, eta gozaldu ondoren merkatu plazarako ibilbidea hartuko dute. Merkatu plazako goiko aldean egingo dute jokoan bazkalordura arte, eta sailkatzen diren 16 bikoteak Barandiaran aretoan jokatuko dute finala, arratsaldean.
Euskal Herriko zazpi herrialdetako edonork parte hartu dezake txapelketan. Bere herrian antolatzen den lekuan izena eman edo agertzearekin eta bikoteko 20 euro ordaintzearekin nahikoa du.
Iazko txapelketan, Euskal Herri osoko 200 herri baino gehiagotan jokatu zen txapelketako lehen konparaketa, gutxi gora behera, 4.000 pertsonek parte hartu zuten.
Sariak
50.000 euro baino gehiago banatzen dira sarietan. Parte hartzaile bakoitzak oroigarria jasotzen du.
SARIAK:
- FINALEKO TXAPELDUNAK:
Txapelak eta garaikurrak; 3.000 euro esku dirutan eta Nazioartera bidaia lau lagunentzat (Karibera dena barne).
- FINALEKO TXAPELDUN ORDEAK:
Garaikurrak, 1.500 euro esku dirutan eta bidaia bi lagunentzat (Kanariar Uharteetara).
- FINALEKO 3. BIKOTE SAILKATUA:
750 EURO esku dirutan eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat. (Atxaspi hotelaren eskutik).
- FINALEKO 4. BIKOTE SAILKATUA:
500 EURO esku dirutan eta euskaraz ikasteko urte osoko bi matrikula. (AEKren eskutik).
- FINALEKO 5etik 16. BIKOTE SAILKATUENTZAT:
Sari txikiagoak
Herrialdeetako finaletan ere sariak egoten dira. Horrela, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Garaia, Behe Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako finaletan txapelak eta garaikurrak, asteburuko egonaldiak, bazkari eta afariak eta beste sari txikiago batzuk lortuko dituzte irabazleek.
Aurten Lekeition dela finala eta Lea-Artibaiko bizilagunak parte hartzera animatu dituzte eskualdeko antolatzaileek.