Urtarrilaren 12an bertan behera geratu ostean, bihar [urtarrilak 29] hasi behar zuen ezker abertzaleko 35 kideren aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Azken orduko erabakien harira, aldiz, auzi saioa atzeratu egingo dela jakin eragin dute gaur [urtarrilak 28] goizean.
Hasiera batean, urtarrilaren 12an hasi behar zen epaiketa, baina egun hartan egin ziren
atxiloketen harira auzipetuek atzeratzea eskatu zuten. Izan ere, atxilotu zituzten hamabi abokatuetatik hiru, Haizea Ziluaga tarteko, epaituen defentsan ari ziren lanean. Hiru abokatuak libre utzi ostean, auzitegiak epaiketa urtarrilaren 29ra atzeratzea adostu zuen.
Gaur [urtarrilak 28], ordea, Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor arloko bigarren atalak epaiketa bigarrenez atzeratzea erabaki du, Haizea Ziluaga defentsa abokatuak arrazoi ezberdinengatik uko egin eta gero. Hain zuzen ere, Ziluagak ordezkatzen zituen sei lagunak gaur goizean Auzitegi Naziolanean egon dira eta atzerapena eskatu dute, abokatu berri bat izan arte.
Sei akusatuen abokatu berriak, behinik behin, denbora beharko du auzia behar bezala prestatzeko, eta eskari hori aintzat hartuta atzeratu dute bihar hasi zen behar zen epaiketa. “Atxiloketen kontura sortutako nahastearen eraginetako bat da epaiketa berriro atzeratzea. Operazio polizialak nahaste handia sortu eta hankaz gora utzi du dena. Defentsa eraginkor bat egiteko egoera zail baten aurrean gaude”, azaldu du Mikel Etxaburu auzipetu ondarrutarrak.
Oraindik ez da jakitera eman noiz hasiko den epaiketa, baina, auzipetuek otsailaren 11 orduko erabaki baten berri jakingo dutela argitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Agenda guztiak berriro batzea zaila izango dela azpimarratu du Etxaburuk. “Nire ustez, epaiketa uda amaierara edo atzeratu egingo da, baina ikusi egin beharko da hurrengo asteetan zer erabakiren berri ematen diguten”.