Hile bukaerarako herri programa eta zerrenda prest edukitzea espero du Mutrikuko EH Bilduk
Mutrikuko EH Bilduk herri programa lantzen hasteko batzarra egin zuen zapatuan. Zabielen batu ziren 30 herritarrei orain arte egindako lanaren berri eman zieten. “60 bat lagunen artean azkenengo legealdian egindako lana, eta aurrera begira zortzi urtean zer egin ahal den egin aztertu dugu. Hain zuzen ere horren berri eman genuen herri batzarrean”.
2014ko azken hiruhilabetean lantalde batek 2011-2015 legealdian egindakoa aztertu du, eta urtarrilean bi taldetan banatuta hasi dira lanean. Taldeetako batek programarekin lanean jarraituko du. “Aurreprograma bat lantzen hasi gara talde eragileekin eta herritarrekin batera. Denen ekarpenak jaso ondoren, programa sortu ahal izango dugu”.
Beste taldea, zerrenda lanketa egiten ari da. Herri batzarrean zein Zubixan jarritako postontzietan 54 zerrenda batu dira. “Alkatetzarako eta zinegotzirako pila bat izen dituen zerrenda handi bat jaso dugu, eta orain zerrenda horretako pertsonekin hasiko gara. Bakoitzaren asmoak jakin ondoren, jenero ikuspegia, bakoitzaren perfila eta abarrak kontutan hartuta sortuko dugu behin betiko zerrenda”.
Otsaila bukaerarako zerrenda prest edukitzea eta programa ere aurreratuta edukitzea nahi da.