Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza iazko txapelketa irabazi ondoren. Argazkia: Egur Sport
Felix Etxeberria eta Mikel Larrañaga mendean hartu ondoren, XV. Eusko Label sariko urrezko kategoriaren binakako finala jokatuko dute Ugaitz Mugertza mutrikuarrak eta Aitzol Atutxa dimoztarrak. Domekan [otsailak 15] Oñatin jokatu zen finalerdikoa irabazteko, 25 minutu eta 26 segundo behar izan zituzten; Felix Etxeberriak eta Mikel Larrañagak baino minutu bat eta 37 segundo gutxiago.
Lehen finalerdia, berez, Joxe Mari Olasagastiren eta Felix Etxeberriaren aurka lehiatu behar zuten Mugertza II.ak eta Atutxa II.ak, baina Igeldokoa min hartuta zegoenez, ez zen domekan Oñatin lehiatzeko moduan egon. Mikel Larrañaga Gipuzkoako txapeldunak ordezkatu zuen Olasagasti.
Oñatin jokatu zen finalerdian, sei proba ezberdinetan banatuta, guztira 30 enbor moztu behar izan zituzten bi bikote aurkariek. Proba batean izan ezik, aurretik ibili ziren Mutrikukoa eta Dimakoa.
Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa, iazko txapeldun. Argazkia: Egur Sport
Lehen probatik abantaila hartuta aritu ziren Mugertza II eta Atutxa II; kolpeka zatitu beharreko enborrean, esate baterako, Etxeberria eta Larrañaga baino sei segundo arinago ibili ziren. Lehenek, 40 segundo behar izan zuten enborra mozteko, eta, bigarrenek, 46 segundo, hurrenez hurren. Erlojuaren aurka egin beharreko proba amaitu orduko, Etxeberriarekiko eta Larrañagarekiko abantaila handiagotzen hasi ziren; aurkariek baino 14 segundo arinago amaitu zuten proba, eta denetara, 20 segundoko abantaila zuten.
Hirugarren proban, zutik egin beharreko proban, izan ziren bakarrik azkarragoak Mikel Larrañaga eta Felix Etxebeste. Atutxak eta Mugertzak baino bi segundo gutxiago behar izan zituzten proba amaitzeko. Laugarren proban, abiadurazkoan, bikote bakoitzak bi enbor moztu behar izan zituen. Mutrikuarrak eta dimoztarrak 27 segundoko aldea atera zien Azpeitikoari eta Zigakoari.
Bosgarren proban ere, bi enbor moztu behar izan zituzten: bata zutik eta bestea etzanda. Han ere Atutxa eta Mugertza azkarrenak izan ziren. Azken probara, minutu bateko aldearekin heldu ziren iazko txapeldunak. Tamaina ezberdineko zortzi enbor moztu behar zituen bikote bakoitzak; Mugertzak eta Atutxak aurretik amaitu zuten finalerdia eskuratuz.
Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa iazko finalean. Argazkia: Egur Sport
Laugarren finala
Ez da Mutrikuko aizkolariak jokatuko duen lehen finala. Iaz Atutxarekin batera titulu bera lortu zuen Donato Larretxearen eta Felix Etxeberriaren aurka irabazi ondoren. Bestalde, 2010-2011 eta 2011-2012 denboraldietan bigarren egin zuen Mugertza II.ak Arrospiderekin batera.
2013-2014 denboraldiko txapeldunek otsailaren 22an jakingo dute finalean zeintzuk izango dituzten aurkari. Domekan Leitzan jokatuko dute bigarren finalerdia Jon Rekondok eta Ander Erasunek, Julen Kañamaresen eta Arkaitz Jauregiren aurka.