1976ko martxoaren 3an Gasteizen euskal langileriak inoiz jasan duen erasorik latzena jazo zen. Greban zeuden 5.000 pertsona inguru Zaramagako San Frantzisko elizaren barruan bilduta zeudela, jendea bertatik indarrez ateratzeko nahian Espainiako Polizia armatuak eliza gaseztatu eta istiluen aurkako materialarekin eraso zituen barruan bildutakoak.
Elizan bildutakoek izututa eta itota ihesi atera ziren, eta polizia kolpeka eta tiroka oldartu zen. 2.000 tiro baino gehiago egin zituzten poliziek, eta ondorioz bost langile hil eta 150 lagun zauritu zituzten, asko larri. Hildakoak honako hauek izan ziren: Pedro Maria Martinez, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda.
Martxoaren 3an hildakoak gogoratzen dituen hormairudi bat. Argazkia: martxoak3.org
Gertaera lazgarri haien 39. urteurrenean hainbat ekimen egingo dira Ondarroan. Eguenean [otsailak 26], esate baterako, gertaerari buruzko dokumentala proiektatuko da Kofradia Zaharrean, 19:00etan. “Egun hura eta hurrengo egunak zelakoak izan ziren; bertan gertatu zena jasotzen du dokumentalak. Besteak beste, greban bertan egon ziren hainbat pertsonen eta hildakoen lagunen eta senideen testigantzak biltzen ditu dokumentalak “, azaldu dute ekimenaren antolatzaileek.
Bestalde, martxoaren 3an elkarretaratzea egingo dute Ondarroan. Gertaera salatzeko, 19:00etan, Alamedako monolitoaren aurrean batzeko deia egin dute.