Azken urteetako aurrekontu ‘positiboenak’ aurkeztuko ditu Lekeitioko Udalak
“Azken hiru urteetako aurrekontu positiboenak aurkeztuko ditugu eguenean”, azpimarratu du udalak. Izan ere, agintaldian hartutako neurri ekonomikoei esker, 2015ean hainbat inbertsio egiteko ahalmenean daudela aurreratu dute. “Beti ere, udal honek herritarren beharrizanak lehenestuko ditu aurrekontuetan. Hori dela eta, inbertsioak herritarrei zuzenean eragiten dieten azpiegitura edo zerbitzuetara zuzenduko dira. Barruko garapena bilatzen dugu, gure herritarren bizi kalitatea hobetzean egiten dugu apustu”, diote.
7.630.473 euroko aurrekontua osatu du 2015erako Lekeitioko Udalak, eta hortik 707.9041 euro bideratuko dituzte inbertsioetara. Bestalde, Kultur Erakundeari 533.300 euroko ekarpena egingo dio udalak, gero kudeatu dezan, eta Kirol Erakundeari 413.000 eurokoa.
Hirigintza
Hirigintza alorrean, 2015ean hainbat konponketa lan eraman nahi dituzte aurrera. Harbiatx plazako eta San Juan auzoko konponketak martxan jartzea dute asmoa, eta Agustindar komentuaren parkineko sarrera ere irisgarriagoa egin nahi dute.
Eraikin askoren gaineko interbentzioa ere aurreikusi dute aurrekontuetan: Kiroldegian, Abaroa Jauregian eta eremu horretako etxe txikian, Plaza Merkatuan, Apalloa 5eko eraikinean.
Kiroldegiari dagokionez, teilatua konpontzeko lanak eramango dituzte aurrera. “Herritarrek kirol azpiegitura egokiak izatea lehentasunezkoa baita”.
Abaroa Gunean berriz hainbat inbertsio egin nahi dituzte, proiektuari bultzada emateko. “Alde batetik, Abaroa Jauregiko teilatua konpontzen hasiko gara, eraikinak kalte gehiago ez jasotzeko eta bestetik etxe txikia egonkortzeko lanak ere eramango dira aurrera”, zehaztu dute.
Merkatu Plazako eraberritze planekin aurrera jarraituko dute, eta 2015 aurrekontuekin behenganea hobetzeko obrak jarri nahi dituzte martxan.
Azkenik, Apallo 5eko lokala konpontzeko obrak hasiko dituzte. “Asmoa oso leku egokian dagoen azpiegitura kultur baliabide bezala erabili ahal izatea da”.
Kultura
Kultur arloa estrategikoa da udalarentzat eta arlo hori indartzen jarraituko dute. “Bestelako turismo eredu bat sortu nahi izan dugu kulturari tiraka, baina ez hori bakarrik, kultura motore ekonomiko izan daitekeela ere aipatu dugu sarritan. Ikusgarri Aretoko alokairua eta bertako kultur programazioa positibotzat jo dute herritarrek eta beraz, kultur arloan lortutako maila mantentzea izango da aurtengo helburuetako bat”. Hori horrela, Ikusgarri Aretoan hobekuntzak egingo dituzte, besteak beste agertoki osagarri bat jarriko dute bertan ikuskizun handiagoak ekarri ahal izateko eta Zine Bileran alokatu beharra ez edukitzeko. Erosiko duten eszenatokiak, gainera, kalean egiten diren ekimen ezberdinetarako ere balioko du.
Musika Eskola ere, lehentasunezko proiektua da udal taldearentzat, “hezkuntza musikal kalitatezkoa eskaintzen baitute hainbat eta hainbat ikasleei”. Beraz, eskola horrentzako laguntza ekonomikoa handitu dute zer edo zer, eta behar duten lekua eskaintzeko pausuak ematen jarraituko dutela adierazi du udalak.
Bestalde, “zegoen aisialdi zerbitzuaren balantze negatiboa ikusita eta horrek udalari suposatzen zion diru kantitate itzela kontuan izanda”, Palpalian prozesua jarri zuten abian 2013-2014 ikasturtean. “Bertatik, aisialdi zerbitzu egokiagoa definitu genuen eta irailetik zerbitzu berria arrakastaz dago martxan. Zerbitzuak Lekeitioko haur, gazte eta guraso askoren babesa jaso du eta erabiltzaile kopurua asko igo da”, azaldu dute. Horregaitik, aurtengo aurrekontuekin, zerbitzua indartzeko diru kopurua ezarriko dute, eta gainera beharrizan bereziak dauzkaten umeentzako monitoreak ere jarriko dira.
Udal Zerbitzuak
Udal zerbitzu batzuk ere indartu nahi ditu udalak, eta euskara teknikariaren jarduna igotzea proposatu dute. Komunikazio ikuspegitik, webgune berria garatu nahi dute, denbora eta beharrizan berriei egokitzeko. Ingurugiro alorrean berriz, energia egitasmo alternatiboak landu eta auzokonpost gune berriak ezarriko dituzte. Azkenik, udaltzainentzako kotxe hibrido berria erostea ere adostu dute. “Dauzkaten ibilgailuak zaharkituta daude eta berria erostea ezinbestekoa da. Hibridoaren aukera ikusi da egokitzat, ekologikoago delako, kontsumo gutxiago izateak onura ekonomikoa ere badakarrelako eta udaltzainak ematen dioten erabilerarako kotxe egokiagoa delako. Hau da, matxura gutxiago aurreikusten dira abiadura murriztuan elektrikoki bakarrik ibiltzen delako”.
Azken urteetan, udalaren zorren amortizazioa asko aurreratu dela jakitera eman dute. “Horrek gastuak bajatzea ekarri du eta, ekimenetarako tartea handitu egiten da ondorioz”, azaldu dute.
Aurrekontu guztia azalduko dute biharko, otsailak 26, aurkezpenean. Ogasun batzordean ere egin dute aurkezpena, eta oposizioak ere planteamendua jaso duela jakitera eman dute.
Aurrekontu proposamena webgunean dago, herritarrek iradokizunak egin ahal izateko. Jasotako iradokizunak aztertu ostean, hurrengo pausoa, Osoko Bilkuran plangintza onartzea izango litzateke, eta beharrezko tramitea pasa ostean, indarrean jarriko litzateke.