Ainhoa Etxaideren hitzaldia, Lekeition
Ainhoa Etxaide Amorrortu, LAB sindikatuko idazkari nagusia gonbidatu dute lekeitiarrek langile mugimenduaren erronkak azaltzeko. Martitzenean egongo da Etxaide, Lekeition. 1976an Gasteizen eraildako langileen urtemuga eguna gogoratuz, eta Euskal langileriaren erronkak izango dira hizpide. 19:30etan izango da, Barandiaran Aretoan.
Lekittoko LAB sindikatuaren Herri Biltzarraren ekimenez antolatuko da hitzaldia, eta Ainhoa Etxaide Amorrortu, LAB sindikatuko idazkari nagusia izango da hizlaria. “Beste gauza batzuen artean, hizpide izango ditu Euskal Herriak bizi duen fase orokorraren ezaugarriak, langile mugimenduaren erronkak eta baita egoera berriaren aurrean sindikalgintza eraberritu beharra ere”.
Bi iniziatibak kontuan izanik, Lekittoko Ezker Abertzaleko Sortu, Ernai eta LAB antolakundeak deialdia luzatu diete Lekeitioko herritarrei bi ekimenetan parte hartzeko. “Lekeitioko Ezker Abertzaletik deialdia egiten dugu datozen egunetan antolatuko diren bi hitzalditan parte hartzeko. Biak ala biak hitzaldi interesgarriak direla deritzogu Euskal Herriak bizi duen fase politikoaren ezaugarri nagusien inguruan gogoeta egiteko. Halaber, formazio politiko eta ideologikorako ere interesgarriak izango dira”, adierazi dute.