Merkatu plazaren aro berriari hasiera emango dion jaialdia ospatuko dute Lekeition
Zapatuko azoka, musikaz, ikastaroaz eta jana eta edariz lagunduta ailegatuko da. Jaialdiaren helburua herritarrak merkatu plazara gerturatzea da, horrela salerosketa gunea indartzeaz gain, merkatu plaza herritarren topaleku bihurtu nahi du Lekeitioko Udalak. Izan ere, otsailaren 6tik, herritar guztientzat zabalik dago goiko solairua, 09:00etatik 21:00etara.
Talo Ikastaro bategaz hasiko dira ospakizunak, 10:30ean. Lekitto Bedarraren eskutik, herritarrek taloak egiten ikasi ahalko dute. Horrez gain, taloen eta edarien txosna bat ere jarriko dute, musikaz lagunduta.
Ondoren, merkatu plaza indartzeko, berregituratzeko eta modernizatzeko eramandako lanak azalduko ditu Maitane Larrauri alkateak. “Udalak garapen ekonomikoko gune garrantzitsutzat dauka merkatu plaza, komunitatean eta herri honen garapen sozial eta ekonomikoan zuzenean eragiten duelako”, esan dute. Alkatearen hitzen ondoren, Xabat Galletebeitiak bertso batzuk botako ditu.
Arratsaldean berriz, 17:00etatik aurrera, Lekeitioko Aisialdi Taldearen eskutik, umeentzako antzinako jolasetan ibiltzeko aukera egongo da, eta ondoren txokolatada.
“Jaialdi honekin merkatu plazaren aro barri bati hasiera eman nahi diogu. Hazkundea ulertzeko beste erarik badagoela sinesten dugulako jarri dugu martxan eraberritze programa hau”, azaldu du udalak. 31.000 euroko inbertsioagaz eraman dituzte aurrera eraberritze lanak.