Denok Korrikara! abestiak jarriko dio doinua
Korrika 19ri. Proiektu berezia izan da aurtengoa, etxekoa. Izan ere AEK-ko beharginek auzolanean sortu dute kantu berria, eta Amaia Ezenarro Arratek (Markina-Xemein, 1984) bertan parte hartzeko aukera izan du. «Pozik baino pozago» bizi izan du esperientzia.
Amaia Ezenarro Arrate
Zelan sortu zitzaizun 19. Korrikako kanta abesteko aukera?
Momentu egokian toki egokian egotearen ondorioa izan da. AEK-k urtero Euskal Herriko talde edo abeslari ezagunen bati eman izan dio Korrikako kanta egitearen aukera. Baina, aurten, AEK-ko jendeagaz egitea pentsatu dute. Hainbeste langile daude eta euretariko batzuk musika munduan eskarmentua dutenak dira. Beraz, AEK-ko eta Korrikako kideekin taldea osatzea ideia polita izango litzatekeela pentsatu zuten. Musika talde batzuetan ibilia naizela eta nabilela jakinda, arduradunak deitu egin zidan parte hartu nahi nuen galdetuz. Dudarik ere ez nuen eduki, baietz esan nuen eta hortxe hasi zen guztia.
Noiz jaso zenuen deia?
Hori dena gertatu zela denbora pasatu da. Joan den urteko ekainean jaso nuen deia eta segituan hasi ginen martxan. Gauzak nahiko arin egin beharra egon da. Datekin jokatu dugu orain dagoen emaitza ikusi ahal izateko.
Korrikako kantua egiteko elkartu zen taldea, orduan. Baina ezagutzen zenuten elkar?
Andoni Tolosa Morau eta Jojo Bordagarai musikariak ezagutzen nituen entzutez eta bistaz, baina ez neukan eurekin harremanik. Hori izan zen agian lehenengo pausua, elkar ezagutzea, eta horrek ere izan du bere eragina. Ez da berdina esperientzia bat edo harreman bat partekatzen duen taldea izatea ala elkar ez ezagutzea; bakoitzak bere musika estiloa, bakoitzak bere egiteko era duelako.
Zelan antolatu zarete, orduan?
Korrikako arduradunak batzar batera deitu zigun eta batzar horretan ezagutu genuen elkar. Batek esan zuen musika eskola batean lan egiten zuela Hendaian, eta entseguak bertan egingo genituela erabaki genuen. Ahal genuenean batzen ginen Hendaian probak egiteko.
Musika Oskorriren kantu ezagun batean dago oinarrituta. Letra nork egin du?
Aurtengo leloa auzolana izan da eta horretarako egokia begitantzen zitzaien aurtengo abestia herri jakituriako kanta bat izatea. Historiaz jositako abestia delako aukeratu genuen hau. Oskorrik jarri zion doinua, baina letra ezin zen berdina izan, egokitu egin behar zen Korrikara. Jojo Bordagarai kanta asmatzen ibili zen aurretik ere, eta batez ere berak egokitu du letra. Jatorrizkoa mantenduta, moldatu zuen. Bernat Etxeparek sortua da jatorrizko letra, eta gero, Gabriel Arestik moldatua. Hirugarren moldaketa izango litzateke hau.
Lehenengo abestia grabatu eta gero bideoa egin zenuten?
Lehenengo pare bat proba egin genituen eta nahiko konforme gelditu ginen. Ekainean hasi ginen martxan eta abuztuan autoa hartu eta beharrean nengoen barnetegitik Biarrizko estudio batera abiatu nintzen kanta grabatzera. Bideoklipa irailean egin genuen. Pare bat orduko grabaketa izan zen.
Azken emaitza zer begitandu zaizu?
Nik horreri kantari maitasun handiegirik ez diot eduki sekula, baina gure lana ikusita, gustura geratu naiz. Mila zalantza izan ditut: Korrikako egokia izango den ala ez esate baterako. Beste urte batzuetan eskoletan lantzeko ez zela erraza kritikatu dute. Aurten, behintzat, badakit arazo hori ez daukala. Horren modernoa ez dela edo horren erritmikoa ez dela esan dezakete, baina bueno, gure jatorria adierazten du eta alde horretatik pozik nago. Bideoklipean serio nagoela ere esan dit jendeak, baina grabaketa domeka baten izan zen, zer egin behar genuen ere jakin barik, eta esperientzia falta ere baneukan. Lekuz kanpo aurkitu nintzen. Alde batetik pozik nengoen proiektu handi baten parte nintzelako, baina bestalde, beldurra ere ematen du. Orain egingo banu, seguru mila bider hobeto egingo nuela. Dena dela, pozik nago egindakoagaz, konforme.
Horrelako aukera batean parte hartzea esperientzia polita izango da.
Nik beti bizi izan dut kanpotik Korrika, eta orain dela bi urte AEK-ko behargin modura ezagutu nuen barrutik. Orain, beste era batera ezagutu dut. Azken baten niretzako egi bihurtutako amets bat izan da Korrikako abestia egitea.
Durangoko azokan aurkeztu zenuten kantua. Horrez gain emanaldi gehiago eskainiko dituzue?
Joan den zapatuan, Donostian, emanaldi bat izan genuen eta beste bi ere lotuta ditugu. Baina Korrika kulturala oraintxe hasi denez, gehiago izango ditugula ere uste dugu. Donapaleun daukagu emanaldi bat korrika hasi baino aurretik, eta Korrika hasten den egunean bertan Urepelen. Bilbon ere izango dugula suposatzen dut.
Jendeak kanta ezagutzen du ala ikasten dabil oraindino?
Nire ingurukoak dagoeneko aspertuta ere badaude. Lobak eta behin ete berriz jarri dute eta nagusiak aspertuta daude dagoeneko. Hala ere, uste dut kanta erraza dela ikasteko, batez ere errepika, eta pare bat bider entzunda jendeak ikasten du.
Abesteagaz gain korrikan ere egingo duzu?
Hasiera batean furgonetan joan nahi nuen, beste urte batzuetan ere autoan edo furgonetan joan naiz eta. Baina aurten, ezin izango naiz furgonetan joan Korrika hasi eta amaitu egin beharko nukeelako, eta ezin izango dut beharragatik. Beraz, al dudan lekuetan korrikan egingo dut. Lea-Artibain noski, bertan bizi naizelako, Durangaldean ere bai bertan lan egiten dudalako, baina falta egiten duen lekuetan parte hartzea ere gustatuko litzaidake.
Kantuak korrikan parte hartzera gonbidatzen du.
Niretzako Euskal Herri mailan dagoen gauzarik handiena da, eta jende guztiak probatu beharko luke. Nik sentitzen dudana besteek sentitzea ere gustatuko litzaidake, sentimendu handi-handi bat da-eta.